Ekainaren 20an V. Hika Eguna Oñatin

2026ko eka. 15a, 08:17

Hika Eguna antolatu du aurten ere Oñatin Ingo Xonau! taldeak, Udalaren babesarekin. Hika-poteoa, hika-bazkaria eta hika-erromeria ibiltaria izango dira larunbatean. Pili Irazabali omenalditxo bat ere egingo diote. 

Oñatiko Hika Eguna ohitura bihurtzen ari da. Bosgarrena izango da aurtengoa. Egitarau xumea baina goxoa antolatu dute Ingo Xonau! taldekoek larunbaterako. Eguerdiko hamabietan, Pili Irazabal euskaltzaleari omenalditxo bat egingo diote, udaletxeko arkupeetan; Irazabal iaz hil zen eta oso ezaguna zen herrian, hainbat proiektutan parte hartu zuelako: Txantxiku ikastolako irakaslea izan zen urte askoan, Pakelekuko mintzalaguneko kidea zen, irakurle talde bateko gidari, odol emaileen taldekoa... eta hikalagunean ere parte hartu zuen. Mikroa irekita egongo da Irazabal gogoratzeko zerbait esan edo kantatu nahi dutenentzat. 

Ordubatean hika-poteoa egingo dute eta hika-bazkaria ondoren (hika praktikatzeko jolasekin). Arratsaldean, berriz, EinGo taldearekin ibiliko dira herriko kaleetan zehar, tabernaz taberna, kantuan eta dantzan. Aurreko urteetan oso giro polita sortu izan da, eta hika praktikatu nahi duten guztiei animatzeko deia egin diete antolatzaileek. Bazkarian izena emateko: Irizar estankoan ala formularioa beteta. 

Ingo Xonau! taldea Oñatin noka biziberritzeko sortu zen, eta 2019tik hainbat jarduera egin dituzte norabide horretan. Duela gutxi amaitu zen bosgarren hika ikastaroa ere. Ingo Xonau! taldekoen ibilbidea ikusteko, sartu hemen

 

Argazkian: EinGo taldekoak Oñatin, 2022ko Hika Egunean. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia