Eibarko bonbardaketaren 75. urteurreneko egitaraua, Ahotsak ere partaide
2012ko api. 16a, 14:09
Datorren apirilaren 25ean 75 urte beteko dira gudaloste frankistak Eibar bonbardatu zuenetik. Gertakizun haiek gogoan, hainbat ekitaldi antolatu dira Eibarren, eta Ahotsak.com proiekturako jasotako lekukotasunek ere bere tartea izango dute, eibartar nagusienek ondo gogoan baitute 1937ko udaberri hartan gertatutakoa.
Gerra zibilak une latzak utzi zituen Euskal Herrian, horien artean hainbat herriren aurkako bonbardaketak. Beharbada Durangokoa eta Gernikakoa dira ezagunenak, baina Eibarrek jasan zuena ere ez zen gutxiago izan. 1937ko apirilaren 25ean hegazkin nazionalek Eibar bonbardatu eta ia erabat suntsitu zuten. Aurten 75 urte beteko dira gertakizun haietatik eta Eibarko Udalak, hainbat talderekin batera, egitarau zabala antolatu du datozen asteotarako, orain 75 urteko gertakariak gogora ekartzeko.
Ekitaldi horietan Eibarko nagusienei jasotako lekukotzek ere euren tokia izango dute. Azken urteotan Euskal Herriko Ahotsak proiektu honetarako Eibarren eta inguruko herrietan (Soraluzen, Elgetan, Ermuan...) jaso ditugun lekukotzek ere euren tartetxoa izango dute egitarau zabal horretan, azken batean, gizon-emakume horiek baitira orain dela 75 urte gertatutakoaren lekuko eta ordezkari.
Eibarko udalak joan zen astean aurkeztu zuen prentsa-aurrean Eibarko bonbardaketaren 75. urteurreneko programa. Egitaraua osatzeko orduan herriko zenbait elkarte eta pertsonaren laguntza ere jaso nahi izan du eta ekitaldi-sorta polita osatu du datozen asteotarako. Ekitaldi nagusiak apirilaren 21ean hasiko dira eta maiatzaren 8an bukatuko, nahiz eta hurrengo asteetan eta hilebeteetan ere ekitaldi gehiago izango diren Eibarren. Hona hemen ekitaldien zerrenda.
- Apirilak 21, 12.00 Udaletxean. Biharamuneko soka dantza. Dantzaren inguruko gogoeta eta jardunaldia. Euskal Herrian dantzaren inguruan lanean ari diren elkarte eta erakunde guztiak Eibarren bilduko dira eta manifestu bateratu bat aterako dute.
- Apirilak 25, 19.00 Portalean. “75 aniversario de los bombardeos de Eibar”. Jesus Gutierrez historialari eibartarraren hitzaldia Eibarko kultur etxean. Hainbat datu eta argazki berri ere aurkeztuko ditu ikerlariak. Hitzaldian zehar Euskal Herriko Ahotsak proiekturako Eibarren jasotako hainbat lekukotasun ere entzun eta ikusi ahalko ditugu.
- Apirilak 26, 20.30 Coliseo antzokian. Gerra Zibila Eibarren, bertsoz eta kantuz. Maialen Lujanbio bertsolariak eta Juan Pinilla kantaore flamenkoak bertsoak, musika eta poesia jarriko dizkiete Eibarko bonbardaketa bizi izan zuten lekukoen hitzei. Eibarko jende nagusiari grabatutako elkarrizketa zatiak entzun ahal izango dira, gerra garaia gogoratuz, eta Lujanbiok eta Pinillak bertsoz eta kantuz erantzungo diete lekukoen bizipenei. Sarrera 7 euro.
- Apirilak 27, 19.00 Portalean. Bernardo Atxagak bere azkenengo lana aurkeztuko du, “Bonbardaketak 1937”. BBK-k argitaratu du, 4 idazleren testuak bilduz, bakoitza gerra garaian herri batean kokatuta: Martínez de Pisón (Gernikan), Fernández de la Sota (Bilbon), González San Martín (Ezkerraldean) eta Atxaga (Eibarren).
- Apirilak 27, 22.30 Untzaga plazan. “Itxaropena”, musika eta argi ikuskizuna udaletxeko fatxadan.
- Apirilak 28, 19.00 Coliseo antzokian. Musika kontzertua. Andres Egiguren orkestra, Sostoa abesbatza eta Easo abesbatza. Hiru pieza joko eta abestuko dituzte: “Gernika” kantata (Pablo Sorozabal), “Op. 64 biolin kontzertua” (Mendelssohn), eta “Mundu berriko sinfonia” (Dvorak). Sarrera 10 euro.
- Maiatzak 5. 10.00 Untzagan hasita. Ibilaldia Eibarko auzo eta kaleetan barrena, gerra zibilak eta bonbardaketak utzitako lekukotza hobeto ezagutzeko. Jesus Gutierrez historialariak gidatuko du eta gerran gertatutakoa bertatik bertara azalduko du: falangista eta erreketeak non kokatu ziren, eibartarrak nola babestu ziren, 7 hilabeteko frontea nola bizi izan zen, bonbardaketak non eta noiz izan ziren... Gutierrezek argazkiak ere erabiliko ditu azalpenak hobeto argitzeko.
- Maiatzak 8, 19.00 Portalean. “Gerraosteko Euskal Herriaren eraikitzea. Eibarko berrreraikuntza lanak”. Javier Muñozek, 2009ko Juan San Martin bekaren irabazleak, hitzaldia emango du gerra osteko berreraikuntzaren inguruan.
Ikusi duzuen bezala, Ahotsak-eko lekukotasunak 2 ekitalditan azalduko dira, Jesus Gutierrez historialariaren hitzaldian eta Lujanbioren eta Pinillaren arteko ikuskizunean. Datozen egunotan informazio gehiago emango dugu ekitaldi horien inguruan.
Guzti horietaz gainera, Eusko Jaurlaritzaren 2012 Fundazioaren eskutik ere beste zenbait ekitaldi izango dira Eibarren datozen hilabeteetan. Egitarau osoa erabat itxi gabe dagoen arren, dagoeneko aurkeztu dira batzuk, besteak beste, Gerra garaiko zenbait filme zahar emango dituzte Coliseoan (maiatzaren 3an), Kukai dantza taldeak “1937 gogoaren bidezidorretatik” ikuskizuna ekarriko du (maiatzaren 11an) eta uztailean “Gerra eta bakea” izeneko argazki-erakusketa egongo da ikusgai Portalea kultur etxean.
Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena.
Antolatzailea: Eibarko Udala.
Laguntzailea: Badihardugu Euskara Elkartea.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.