Eibarko bonbardaketa gogoratzeko ikuskizuna: bertsoa, poesia eta lekukoen ahotsa
2012ko api. 23a, 12:40
Ostegunean, apirilak 26, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Juan Pinilla flamenko kantariak ikuskizun berezia eskainiko dute Eibarren, bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko. Coliseo antzokian izango da, 20:30ean. Artista bien lana girotzeko eta historiaren haria gidatzeko, Ahotsak.com proiekturako Eibarren jasotako lekukotasunak ere entzun eta ikusi ahal izango ditugu. Sarrerak 7 euro.
Datorren ostegunean, Gerra Zibila Eibarren, bertsoz eta kantuz ekitaldian, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Juan Pinilla kantaore flamenkoak bertsoak, musika eta poesia jarriko dizkiete Eibarko bonbardaketa bizi zuten lekukoen hitzei. Eibarko jende nagusiari grabatutako elkarrizketa zatiak entzun ahal izango dira, gerra garaia gogoratuz, eta Lujanbiok eta Pinillak bertsoz eta kantuz erantzungo diete lekukoen bizipenei.
Artista biek gerra garaia gogoraraziko digute, bakoitzak bere erara, bertso, abesti eta poesietan oinarrituta. Horretarako, gerra ezagutu zuten eibartarren testigantzak -Ahotsak.com proiektuko bideo pasarteak- izango dituzte bidelagun, baita sasoi hartako argazkiak eta irudiak ere.
Gai jartzailerik ez da izango, Maialen Lujanbiori gerrako irudiek eta lekukotasunek emango diote bertsotarako hizpidea. Errepublikako giroa, gerraren hasiera, ihesa, bonbardaketa... hainbat gairi helduko die. Pinillak ere gerrako irudiek lagunduta egingo du kantaldia. Hark bere azken laneko, "Las voces que no callaron" diskoko kantuak ekarriko ditu Eibarrera; askatasunaren aldeko aldarria izango da. Miguel Hernandez poetaren olerki bat ere errezitatuko du.
Indalecio Ojangurenek eta Castrillo-Ortuostek ateratako argazki zaharrek, gerra garaian Eibarren grabatutako irudiek eta gerrako amesgaizto hura zuzenean bizi izan zuten eibartarren lekukotasunek garrantzia handia izango dute ikuskizun hunkigarri honetan.
Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira Eibarko Udalak antolatu duen egitarau zabalaren barruan dago osteguneko ikuskizuna. Badihardugu Elkarteak eta Ahotsak egitasmoak beste ekitaldi batean ere izango gara, Jesus Gutierrez historialariaren hitzaldi-aurkezpenean. Gertakari historikoen inguruko informazio pixkat Asier Sarasuaren blogean.
Artistak:
Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, Gipuzkoa, 1976). Arte Ederretan lizentziaduna, gazte-gazterik hasi zen bertsotan. Lehen urteetatik nabarmendu zen bertsoak sortzeko zuen gaitasunarengatik. Emakume izanik zenbait traba eta oztopo gainditu behar izan zituen, baina laster aurkitu zuen bere lekua bertsolari ezagun eta handienen artean. 15 urterekin Xenpelar saria irabazi zuen (1991). Horren ostean, Osinalde (1992) eta Lizardi (1992) sariak ere jaso zituen eta 2003an Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen. 2009az geroztik, Euskal Herriko Txapeldun Nagusia da.
Juan Pinilla Martín (Huétor-Tájar, Granada, 1983) flamenko abeslaria da. Estrella Morente eta Marina Herediaren belaunaldikoa, “kantaore intelektuala” deitu izan zaio. Izan ere, flamenkoa abesteaz gain, Pinilla idazlea, kritikaria, ikerlaria eta zutabegilea ere bada, eta itzultzailea ikasketaz. 2007. urtean “Lámpara Minera” izeneko lehiaketa irabazi zuen, flamenko munduan dagoen saririk garrantzitsuenetakoa. 2011. urtean “Las voces que no callaron” liburua eta diskoa kaleratu zituen. Askatasunaren eta demokraziaren alde borroka egin zuten artistak gogoratzen ditu Pinillak lan horretan.
GureGipuzkoa.net | Zona de la parroquia de San Andrés despues del bombardeo © CC BY-SA
: Ojanguren, Indalecio
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.