Eibarko ahozko ondarea ikastetxeetan

2011ko urr. 28a, 09:51

Eibarko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak Eibarko ikastetxeetan martxan jarriko den proiektu baten berri eman zuten atzo: "Eibarko ahozko ondarea ikastetxeetan". Egitasmo honen helburua da, Ahotsak.com webgunean ditugun testigantzak ikastetxeetan erabiltzea, herriko haur eta gazteei antzinako bizimoduaren berri emateko, aldi berean hainbat gai landuz: herriko historia, memoria historikoa, aspaldiko ohitura eta bizimodua, bizikidetza, Eibarko euskara, belaunaldi arteko transmisioa, ahozkotasuna, oroimenaren garrantzia,...

Orain arte beste herri batzuetan egin den bezala, 2011-2012 ikasturterako hitzarmena izenpetu dugu Eibarko Udalarekin herriko ikastetxeetan Ahotsak.com webguneko materiala erabil dezaten.

Azken urteotan Eibarren jasotako ahozko testigantza interesgarrienak aukeratu eta sailkatu ditu Ahotsak-ek eta Eibarko hainbat ikastetxetan erabiliko dute ikasgelako eguneroko jardunean. Oraingoz hiru dira proiektuan parte hartuko duten ikastetxeak: San Andres, Aldatze eta Mogel Ikastola. Gelan egunero lantzen dituzten gaiak aukeratu, eta horien inguruko informazioa eskainiko zaie, herriko erreferentziak emanez eta herritarren ahotan (eta Eibarko euskaran).

Eibarren abiatuko dugun proiektuak aurrekariak izan ditu eskualdeko beste herri batzuetan (adibidez, Eskoriatzan eta Aretxabaletan) eta orain arte oso-oso emaitza onak eman ditu. Irakasleen ustez oso material aberasgarria da eta ikasleek ere harreta handiz entzuten dituzte kontakizunak.

Eibarko ume eta gaztetxoek euren aittitta-amamen bizipenak eta gertakizunak ezagutzea da helburua, aldi berean hainbat arlo landuz: historia, euskara, ipuinak,  ahozkotasuna, bizikidetza, eta abar. Belaunaldien arteko transmisioa egiteko beste modu bat da, azken batean; lehen etxe barruan, sutondoan, egiten zena orain ikasgelan egitea, teknologia berriak lagun hartuta. Lan guztia irakasleekin elkarlanean egiten dihardu Ahotsak-ek eta irakasleek zuzenean txertatuko dute materiala ikasgelako eguneroko jardunean.

Ahotsak.com-eko materiala ikasgelako kurrikulumean txertatzen da. Haurrek urtean zehar landuko dituzten gaiak gainbegiratu ondoren, Eibarko elkarrizketetan jasotako lekukotasunik egokienak aukeratzen dira, eta irakasleak ikastetxean erabiliko ditu. Horrela, haurrei ikasgelan lantzen dituzten gaiekin lotura zuzena duten bideoak eskaintzen zaizkie. Eibartarrek kontatuta, lehenengo pertsonan eta gaia modu aberasgarriagoan aztertzeko aukera eskainiz. Esate baterako, errotaren gaia lantzen dutenean, Eibarko nagusienek antzinako erroten inguruko kontakizunak ematen dituzte: Eibarko errotak non zeuden, nola eramaten zuten garia errotara, nola jasotzen zuten irina, eta abar.

Proiektuak Schindler enpresaren laguntza jaso du, irailean hasi da eta abendurako lehenengo datuak izango ditugu. Ondo bidean, datozen urteotan ere aurrera jarraituko du proiektuak, ikastetxe gehiagotan eta maila gehiagotan.

Albistea prentsan:

Eibarko materiala

Eibarri dagokionez, hainbat lan egin eta jaso dira herrian. Hasteko, azken urteotan 60 elkarrizketa berri egin ditugu. Beste horrenbeste lagunen lekukotasunak jaso ditugu eta material hori landu eta Interneten jarri dugu, eibartar guztiontzat erabilgarri. Horrekin batera, Nerea Aretak bere doktore-tesirako 1998 inguruan egindako beste 430 grabazio ere jaso, digitalizatu eta katalogatu ditugu. Gainera, Eibarren orain dela 15-20 urte egindako beste zenbait grabazio ere jaso ditugu, besteak beste Eibarko antzinako kantu eta jolasak, 1982an egindako bilketa-lana, oso lan interesgarria. Horrekin batera, ...eta kitto! Elkartearekin ere hitzarmena izenpetu genuen, ahozko ondarearen bilketan lankidetzan jarduteko.

Une honetan, Ahotsak.com webgunean Eibarko 80 eibartarren testigantzak daude jasota, 529 grabaziotan, eta 417 bideo-pasarte ikus daitezke.  Dena dela, proiektua ez da amaitu eta 2011-2012 urteetan zehar ere, grabazio gehiago egiten jarraituko dugu eta jasotakoa lantzen.

Eibarko Udalarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmenari esker, material guzti hori www.eibarko-euskara.com webgunean ere ikusgai dago, Eibarko eta kanpoko ikerlari eta edozein herritarrentzako erabilgarri. Horrekin batera, hainbat bideo jarri dira ikusgai Eibar aldeko hiztegi digitalean, hiztegiko azalpenen lagungarri.

Eibarren jasotako lekukotasunen adibide gisa, Migel Gallastegi pilotari handiari jasotako pasarte hau:

 


"Giputxaneko" frontoian lan egin eta entrenatu

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia