EHko II. Hika Topaketako bideoak ikusgai
2025ko abe. 11a, 16:21
Azaroaren 8an Euskal Herriko II. Hika Topaketa izan zen, Markina-Xemeinen. Hitzaldiak, lan-mahaiak, antzerkia, trikitia eta bertso-saioa, egun borobila izan zen. Ekitaldi nagusietako bideoak on-line ipini ditugu, herritar guztien eskura.
Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatu genuen azaroaren 8an, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, ZirHika taldearekin eta UEUrekin batera. Joateko aukerarik izan ez bazenuen, lasai, ekitaldi guztiak grabatu genituen eta ikusgai ipini ditugu. Bertan egon bazinen ere seguruenez gustura ikusiko dituzu, behin entzunda ez baita aski izaten informazio guztia barneratzeko. Hementxe ba bideoak.
Bost dira Youtubera igotako bideoak: sarrera-ekitaldia, hitzaldi nagusia (Topaketaren testuingurua), 1. mahai-ingurua (hitanoa biziberritzeko esperientzia batzuk), 2. mahai-ingurua (hitanoa irratian) eta itxiera-ekitaldia. Hona hemen itxiera-ekitaldia, "Egingo dinagu" kantuarekin:
Euskal Herriko txoko askotatik. 60 bat lagun elkartu ginen guztira Hika Topaketan, esperientziak partekatzeko eta ikasteko gogoz. Egun borobila izan zen, lana eta festa uztartu zituena eta hurrengo Hika Topaketa non izango den iragarri genuen: III. Hika Topaketa Lesakan (Nafarroa) izango da, bi urte barru. Lehenengoa Oñatin izan zen (Gipuzkoa). Oñatiko ordezkari batek lekukoa pasatu zion Markina-Xemeingoari eta hark, berriz, Lesakakoei. Topaketari buruzko informazio gehiago, albiste honetan.
Esan bezala, ZirHika taldeak antolatu zuen Euskal Herriko II. Hika Topaketa, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean. Hika Topaketen helburua Euskal Herriko hika eragileak elkartzea da, hausnartzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzeko. Hain zuzen ere lehenengo topaketaren ostean Euskal Herri osoko eragileek osatu zuten ZirHika taldea izan da bigarrena antolatu zuena. Topaketak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du.
Goiko argazkian, Hika Topaketako II. mahainguruko parte-hartzaileak. Iturria: UEU
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





