EHko II. Hika Topaketako bertso-saioko bideoa ikusgai ipini dugu
2025ko abe. 18a, 14:43
Azaroaren 8an Euskal Herriko II. Hika Topaketa izan zen, Markina-Xemeinen. Lana eta festa uztartzeko, hika bertso-saioa antolatu genuen, Kontzejupean, herritar guztiei irekia. Traola enpresak grabatu zuen eta bertso-saioko bideoa on-line ipini dugu.
Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatu genuen azaroaren 8an, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, ZirHika taldearekin eta UEUrekin batera. Goizeko ekitaldien bideoak on-line ipini ditugu, eta baita arratsaldean Kontzejupean egindako bertso-saioaren grabaketa ere. Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Bizkarra eta Aner Peritz bertsolariak aritu ziren hika bertsotan, Igor Elortza gai jartzaile zutela. Miren Amuriza ere joatekoa zen, baina ezin izan zuen. Bertso-saio polita egin zuten, hala ere:
Trikiti doinuak ere egon ziren Hika Topaketan: Mirari eta Aintzane trikitilariek beraiek sortutako "Egingo dinagu" kantatu zuten (ikusi bideoa) eta Topaketako partaideak haiekin joan ziren Uhagon kulturgunetik Kontzejuperaino, kalejiran. Antzerkia ere egon zen: Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldekoei hika izango zen antzezlan labur bat egiteko eskatu genien eta Uhagon kafetegiko oholtzan taularatu zuten. Giro ederra sorrarazi zuten. Hona hemen antzezlanaren lagin bat:
Euskal Herriko txoko askotako 60 bat lagun elkartu ginen guztira Hika Topaketan, esperientziak partekatzeko eta ikasteko gogoz. Egun borobila izan zen eta hurrengo Hika Topaketa non izango den iragarri genuen: III. Hika Topaketa Lesakan (Nafarroa) izango da, bi urte barru. Lehenengoa Oñatin izan zen (Gipuzkoa). Topaketari buruzko informazio gehiago, albiste honetan.
Hika Topaketen helburua Euskal Herriko hika eragileak elkartzea da, hausnartzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzeko. Hain zuzen ere lehenengo topaketaren ostean Euskal Herri osoko eragileek osatu zuten ZirHika taldea izan da bigarrena antolatu duena, Badihardugu elkartearekin eta UEUrekin batera. Topaketak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du.
Goiko argazkian, bertso-saioko une bat: Igor Elortza gaia jartzen. Iturria: ZirHika
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





