Euskal Herriko II. Hika Topaketa eta bertso-saioa, bihar, Markina-Xemeinen

2025ko aza. 7a, 09:21

Bihar Euskal Herriko II. Hika Topaketa izango da Markina-Xemeinen, egun osoan, Uhagon Kulturgunean. Hika eragileentzat da, saretzeko eta elkarlanerako bideak jorratzeko. 18:30ean, berriz, hika bertso-saioa egongo da Kontzejupean, herritar guztiei zuzenduta eta doan.

Iritsi da EHko II. Hika Topaketa: bihar da, Markina-Xemeinen. ZirHika taldeak antolatu du Euskal Herriko II. Hika Topaketa, Badihardugu  euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean. Topaketaren helburua Euskal Herriko hika eragileak elkartzea da, elkarrekin hausnartzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzeko. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean hitzaldiak egongo dira, esperientzia desberdinak ezagutzeko. Jorratuko den gaietako bat: "Hitanoa irratian". Arratsaldean, berriz, lan-mahaiak antolatuko dituzte, bertaratutako guztientzat, hausnarketarako eta proposamenak egiteko; arratsaldeko talde dinamika Farapi kooperatibako kideek gidatuko dute.

Hitzaldien eta lan-mahaien seriotasuna arintzeko, eguerdian Markina-Xemeingo Abarka taldeak antzezlan txiki bat plazaratuko du, hika. Ekitaldiaren itxiera, berriz, trikiti doinuekin egingo dute, Mirari eta Aintzane trikitilariekin kantuan. Topaketako parte hartzaileak kalejiran joango dira Uhagon kulturgunetik Kontzejupera. Hika bertso-saioa izango bertan, 18:30ean: Miren Amuriza, Aitor Bizkarra, Ainhoa Agirreazaldegi eta Aner Peritz arituko dira bertsotan Kontzejupean, gai-jartzaile moduan Igor Elortza dutela.

Aurreko igandean, Topaketaren atariko gisa, Koldo Zuazo hizkuntzalariak hitzaldia eman zuen Etxebarrian, Kultura aretoan: Ezton/baidon eta eztok/baidok: gaurkotasuna eta balioa. Garbiñe Idoeta hika irakasleak egin zuen sarreratxoa. 30 bat lagun hurreratu ziren eta giro polita sortu zen.

EHko I. Hika Topaketa Oñatin egin zen 2023an, eta hika eragileek elkar ezagutzeko abiapuntua izan zen. Hain zuzen ere, topaketa horren ostean Euskal Herri osoko eragileek osatu zuten ZirHika taldea izan da bigarren topaketa hau bideratu duena. Topaketak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia