Donostian hitz egiten diren 46 hizkuntza jaso ditugu dagoeneko

mai. 23, 2016, 10:11 a.m.

Donostian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen egon ginen larunbatean, Katalunia plazan, Olatu Talkaren barruan. Jende asko gerturatu zen karpara, eta 15 elkarrizketa berri egin genituen 101 L proiekturako.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Donostian? Hori jakin nahian gabiltza azkenaldian. Iaz hasi ginen Donostiako hizkuntzak jasotzen, Olatu Talkan, bertako aniztasuna ezagutarazteko. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako. Eta aurten ere karpa jarri dugu kalean, Olatu Talkaren barruan. Larunbatean Katalunia plazan izan ginen, 101 L proiektuarekin. Jende asko gerturatu zen, eta hainbat elkarrizketa egiteko aukera izan genuen. 46 dira orain arte jaso ditugun hizkuntzak. Helburua: elkarrizketekin jarraitu, eta ahalik eta hizkuntza gehien jasotzea! 101 hizkuntza? Ez da erraza izango... baina ez da ezinezkoa! 

Nahi zuenak karpara hurbildu, eta testigantza emateko aukera izan zuen aurreko larunbatean. Eta ekimenak arrakasta izan du aurten ere: hamabost elkarrizketa egin genituen. Donostian bertan bizi direnak ziren gehienak, donostiarrak. Eta turistaren bat edo beste ere hurreratu zen. Elkarrizketetan, oinarrizko hiztegitxo baterako hitzak ez ezik, bizipenak ere jaso genituen. 

Bi karpa jarri genituen Katalunia plazan, elkarren ondoan. Batean elkarrizketak egiteko tokia antolatu genuen, fondo urdin batekin, eta bestean erakusketa txiki bat. Erakusketan, bi informazio-panel zeuden: munduko hizkuntzei buruzkoa eta euskarari buruzkoa, lau hizkuntzatan. Hortaz gainera, 101 L proiektuan parte hartu duten guztien fotogramak jarri genituen, jasotako hizkuntzen zerrenda eta munduko mapa handi bat ere bai, koloretako txintxetekin jasotako hizkuntzak bertan kokatzeko. Larunbatean elkarrizketatutakoei argazki bana atera genien, Polaroid argazki makinarekin, eta beste fotogramekin batera jarri genituen. Bestalde, karpara hurbildu ziren guztiek zuten hitzen bat idazteko aukera, nahi zuten hizkuntzan, ahoz betetako panel erraldoi batean. 

20160521_125926

101 L proiektuak DONSS2016ko herri epaimahaiaren diru laguntza jaso zuen, Energia Olatuak programan. Guztira 50 pertsona baino gehiago elkarrizketatu ditugu, Donostialdean hitz egiten diren hizkuntzak jaso eta ezagutarazteko. Bi ikus-entzunezko prestatzeaz gainera, jasotako grabazioak landu eta guztion esku jarriko ditugu webgune batean. Mila esker orain parte parte hartu duzuen guztioi! Eta asko eskertuko dizuegu aurrerantzean ere hizkuntza gehiago jasotzen laguntzea! Izan ere, badakigu oraindik jaso gabe ditugun hizkuntza asko hitz egiten direla. 

Hego Euskal Herrian 108 hizkuntza hitz egiten dira, Unesco Etxeak 2007an egindako ikerketa baten arabera. Datu hori Donostiara ekarrita, bertan 100 bat hizkuntza hitz egingo direla pentsatzen dugu. Hortik dator "101 L" proiektuaren izena. 101 zenbaki sinbolikoa da, Donostian ez baita azterlanik egin, guk dakigula. Hori bai, Donostiako Udalak 2014ko otsailean argitara emandako datuen arabera, Donostiako herritarrak 141 estatutatik etorritakoak dira. Donostian bizi diren pertsonen %43 ez dira hirian bertan jaioak. Horrez gainera, jatorri askotako turistak eta bisitariak ere ibiltzen dira Donostian... Zenbat ele izango ote dira?

Hona hemen larunbateko Olatu Talkari buruzko albiste bat, Diario Vasco egunkarian argitaratua, donostiaeuskaraz.eus webguneko albistea eta DONSS2016ko webguneko deialdia

 

Irudian: Badiharduguko bi kide errusieraz hitz egiten duen Moldovako emakume bat elkarrizketatzen, aurreko larunbatean. Argazkilaria: Iker Ugalde

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia