Donostiako hizkuntzak jasoko ditugu, autokarabana batean

2016ko eka. 27a, 10:13

101 L proiektuarekin gabiltza, Donostian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen. Bihartik larunbata bitarte, autokarabana batean egingo ditugu elkarrizketak. Zatoz testigantza ematera! Eta elkarrizketatzaile bihurtu nahi baduzu, eman izena larunbateko tailerrean!

Bihar Ibaetako campusean egongo gara. Etzi Saguesen. Etzidamu Amarako autobus geltoki zaharrean. Ostiralean Tabakalera plazan eta larunbatean, berriz, Alderdi Ederren. Autokarabana batekin ibiliko gara Donostian, auzoz auzo elkarrizketak egiten. Donostian hitz egiten diren hizkuntzak eta aniztasunari buruzko testigantzak jasotzen. Larunbatean, gainera, tailerra antolatuko dugu, eta herritarrek elkarrizketatzaile bihurtzeko aukera izango dute. Animatu zu ere! 

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Donostian? Ez dakigu, baina asko: dagoeneko 50 jaso ditugu! Donostiako hizkuntzak jasotzen ari gara. Donostiako aniztasuna ezagutu eta ezagutarazteko. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako. Elkarren ezagutza txikia delako. Duela urtebete hasi ginen Donostiako hizkuntzak jasotzen: "101 L" egitasmoa jarri genuen abian. Eta aste honetan Donostiako hainbat auzotan ibiliko gara, autokarabanarekin, elkarrizketak egiten. Etorri zeu ere lekukotasuna ematera! 

Ahalik eta hizkuntza desberdin gehien jasotzea da proiektuaren helburua. Bertan bizi direnenak zein bisitan daudenenak. Hori bai, aniztasunari eta hizkuntzei buruz zerbait esateko gogoa duten denak elkarrizketatuko ditugu. Zuk ere baduzula zer esana? Ba etor zaitez! Gure ordutegia: 11:00-14:30 eta 16:00-18:00. Animatu parte hartzera! Eta beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituztenak ezagutzen baldin badituzu, esaiezu haiei ere etortzeko! Elkarrizketatzaile lanetan jarduteak ilusioa egiten badizu, berriz, eman izena uztailaren 2ko tailerrean, 101@ahotsak.com helbidera idatzita. Bi orduko tailerrak izango dira, bi txandatan banatuta: goizean 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 18:00etara. 

Autokarabanara gerturatzen direnei elkarrizketa txiki bana egingo diegu. Beraien hizkuntzei buruz, jatorriari buruz, integrazioari buruz... oinarrizko hitz batzuk ere galdetuko dizkiegu, bakoitzari bere hizkuntzan. Jasotako hizkuntzak arbelean jartzen joango gara... ea zenbat jasotzen ditugun denon artean! Hori bai, aniztasunari eta hizkuntzei buruzko iritziak ere jasoko ditugu. Hona hemen iaz Olatu Talkan egindako elkarrizketen lagin bat:

Hego Euskal Herrian 108 hizkuntza hitz egiten dira, Unesco Etxeak 2007an egin zuen ikerketa baten arabera. Datu hori Donostiara ekarrita, bertan 100 bat hizkuntza hitz egingo direla pentsatzen dugu. Hortik dator "101 L" proiektuaren izena. 101 zenbaki sinbolikoa da, Donostian ez baita azterlanik egin, guk dakigula. Hori bai, Donostiako Udalak 2014ko otsailean argitara emandako datuen arabera, Donostiako herritarrak 141 estatutatik etorritakoak dira. Donostian bizi diren pertsonen %43 ez dira hirian bertan jaioak. Horrez gainera, jatorri askotako turistak eta bisitariak ere ibiltzen dira Donostian. 

101 L proiektuak DSS2016ko herri epaimahaiaren diru laguntza jaso zuen, Energia Olatuak programan. Gure asmoa datozen hilabeteetan elkarrizketekin jarraitzea da. Ondoren, jasotako hizkuntzak ezagutaraziko ditugu. Bi ikus-entzunezko prestatzeaz gainera, jasotako grabazioak landu eta guztion esku jarriko ditugu webgune batean. Lizentzia librearekin banatuko ditugu, ahotsak.eus webgunean egiten dugun bezalaxe. Abenduan aurkeztuko dugu 101 L. 

Badihardugu euskara elkarteko kideok hainbat elkarte eta norbanakoren laguntza izaten ari gara 101 L proiektuan: Afrik Euskadi, Nasledie, Decebal, Mestiza, Amher, Bagera, Gipuzkoako Txinatar Institutua, Rigpe Dorje, Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK, Urrats... Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta bereziki Andoaingo Itsasmendi Autokarabanak enpresari, autokarabana utziko baitigu. Orain arte Okendo kultur etxean eta Tabakaleran egin ditugu elkarrizketa gehienak, eta eskerrak hango langileei ere! 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia