Donostiako 101 hizkuntzak jasoko ditugu, larunbat honetan
2016ko mai. 19a, 09:34
Etzi Donostiako Katalunia plazan egongo gara, elkarrizketak egiten, Olatu Talkan. Ahalik eta hizkuntza gehien jasotzea da gure asmoa, eta Donostiako aniztasuna ezagutaraztea. Eman lekukotasuna zeuk ere!
Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Donostian? Inor ausartzen al da erantzuten? Donostiako hizkuntzak jaso nahi ditugu guk. Donostiako aniztasuna ezagutu eta ezagutarazi. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako. Elkarren ezagutza txikia delako. Duela urtebete hasi ginen Donostiako hizkuntzak jasotzen: "101 L" egitasmoa jarri genuen abian. Eta aurten ere Olatu Talkan parte hartuko dugu: Katalunia plazan egongo gara, larunbatean. Etorri zeu ere lekukotasuna ematera!
Ahalik eta hizkuntza desberdin gehien jasotzea da proiektuaren helburua. Bertan bizi direnenak zein bisitan daudenenak. Hori bai, aniztasunari eta hizkuntzei buruz zerbait esateko gogoa duten denak elkarrizketatuko ditugu. Zuk ere baduzula zer esana? Ba etor zaitez! Karpako ordutegia: 11:00-20:00. Animatu parte hartzera! Eta beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituztenak ezagutzen baldin badituzu, esaiezu haiei ere etortzeko!
Karpara gerturatzen direnei elkarrizketa txiki bana egingo diegu. Beraien hizkuntzei buruz, jatorriari buruz, integrazioari buruz... oinarrizko hitz batzuk ere galdetuko dizkiegu, bakoitzari bere hizkuntzan. Jasotako hizkuntzak arbelean jartzen joango gara... ea zenbat jasotzen ditugun denon artean! Iaz 19 hizkuntza jaso genituen Olatu Talkan. Eta ondoren ere elkarrizketak egiten jarraitu dugu, batez ere Okendo kultur etxean. Guztira 43 hizkuntza jaso ditugu orain arte! Zenbat gehiago lortuko ote ditugu? Hona hemen iaz Olatu Talkan egindako elkarrizketen lagin bat:
Euskal Herrian 108 hizkuntza hitz egiten dira, Unesco Etxeak 2007an egin zuen ikerketa baten arabera. Datu hori Donostiara ekarrita, bertan 100 bat hizkuntza hitz egingo direla pentsatzen dugu. Hortik dator "101 L" proiektuaren izena. 101 zenbaki sinbolikoa da, Donostian ez baita azterlanik egin, guk dakigula. Hori bai, Donostiako Udalak 2014ko otsailean argitara emandako datuen arabera, Donostiako herritarrak 141 estatutatik etorritakoak dira. Donostian bizi diren pertsonen %43 ez dira hirian bertan jaioak. Horrez gainera, jatorri askotako turistak eta bisitariak ere ibiltzen dira Donostian.
101 L proiektuak DONSS2016ko herri epaimahaiaren diru laguntza jaso zuen, Energia Olatuak programan. Gure asmoa datozen hilabeteetan elkarrizketekin jarraitzea da. Eta ondoren jasotako hizkuntzak -101 eleak?- ezagutaraztea. Bi ikus-entzunezko prestatzeaz gainera, jasotako grabazioak landu eta guztion esku jarriko ditugu webgune batean. Lizentzia librearekin banatuko ditugu, ahotsak.eus webgunean egiten dugun bezalaxe.
Badihardugu euskara elkarteko kideok hainbat elkarte eta norbanakoren laguntza izaten ari gara 101 L proiektuan: Afrik Euskadi, Nasledie, Decebal, Mestiza, Amher, Bagera, Gipuzkoako Txinatar Institutua, Rigpe Dorje, Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK, Urrats... Mila esker kontaktuak egiten laguntzen diharduzuen guztioi!
Olatu Talkan 200dik gora ekimen egongo dira, ostiralean hasi eta igandea bitarte. Informazio gehiago, Olatu Talkaren webgunean.
Irudia: Olatu Talkako parte hartzaileetako batzuk, atzoko prentsaurrekoan.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.