"Dokumentazioa eta ondare bibliografikoaren komunikazioa" argitalpena kaleratu du EHUk

2012ko ots. 26a, 23:02

2010eko apirilean ondarearen inguruko jardunaldi batzuetan hartu genuen parte Leioan, EHUko Kazetaritza Fakultateak antolatutako hitzaldi eta mahai-inguru batzuetan. Orduko jardunaldietan izandako hitzaldi guztiak argitalpen batean bildu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak: "Dokumentazioa eta ondare bibliografikoaren komunikazioa". Teresa Agirreazaldegik koordinatutako liburua da.

Jardunaldiak 2010eko apirilaren 20 eta 21ean izan ziren, EHUko Leioako Campusean,
Liburutegi Nagusiko Mintzaldi Aretoan. Hantxe izan zen Asier Sarasua, Ahotsak.com proiektuko kideetako bat, proiektuaren inguruko xehetasunak ematen. Interneteko proiektuei eskainitako saioan izan ginen, Euskal Herriko beste zenbait proiektu interesgarrirekin batera.

Interneteko proiektuen inguruko hitzaldiaz gain, beste hainbat lan interesgarri irakurtzeko eta ezagutzeko aukera izango dugu. Besteak beste, Euskal Bibliotekaren ametsa (Joan Mari Torrealdai), Kataluniako Liburutegia, liburutegi irekia, fidagarria eta gizartearentzat onuragarria (Dolors Lamarca, Kataluniako Liburutegiko zuzendaria), edo Irratiko dokumentalista, eguneroko erronka (Ana Martínez Concejo, Ser irrati kateko Dokumentazio zerbitzua).

Horrelaxe aurkezten da liburua sarreran bertan: "Ondare bibliografikoari buruzko gaia ez dela modernoa pentsa dezake baten batek, ez datorrela bat Internetek margotzen digun unibertso digital, multimedia eta elkarri lotuarekin. Hurrengo orriek erakutsiko diote, ordea, ideia horren okerra. Bibliografiko hitzak aspaldi gainditu zituen paperaren eta liburuaren mugak".

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia