Diasporako Ahotsak webgunean, testigantzak gaika ikusteko aukera
2026ko aza. 25a, 12:15
Diasporako Ahotsak webguneko testigantzak gaika ikusteko aukera dago orain. Atal horri esker, diasporako euskaldunen testigantzak gaika antolatuta kontsultatu daitezke: pasarteak bilatzea eta intereseko gaien inguruko bizipenak ezagutzea errazagoa da.
Diasporako Ahotsak proiektuan, diasporan bizi izan diren edo diasporarekin harremana izan duten euskaldunen testigantzak jasotzen ditugu. Elkarrizketa horietan migrazioaren arrazoiak, bidaiak, lanbideak, bizimodua, familia-harremanak, ohiturak eta euskararekiko lotura lantzen dira, besteak beste. Webgunea iaz ipini genuen abian eta orain materiala gaika antolatu dugu, testigantzetan agertzen diren gaiak modu errazagoan aurkitu ahal izateko. Lehendakaritzaren babesarekin sortutako proiektua da Diasporako Ahotsak.
Gaiak atal berrian, ezkerreko zerrendatik gai bat aukeratuta, hari lotutako elkarrizketak eta bideo-pasarteak ikus daitezke. Besteak beste, diasporara egindako bidaiak, bertan izandako lanak, ohiturak eta bizimodua, Euskal Etxeak eta Euskal Herriarekiko harremana ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Bestalde, 2025ean Ameriketako Estatu Batuetan egindako ehundik gora elkarrizketak lantzen ari gara pixkanaka-pixkanaka. Elkarrizketa horietako batzuk dagoeneko ikusgai daude Diasporako Ahotsak webgunean, eta bertako pasarteak Gaiak atal berrian ere kontsultatu daitezke. Materiala lantzen eta argitaratzen jarraitu ahala, atal berriko edukia ere osatzen joango gara. Guztira 150 grabazio baino gehiago dira webgunean bildutakoak.
Gaikako antolaketa horrek diasporako euskaldunen esperientziak ikuspegi desberdinetatik ezagutzeko aukera ematen du, pertsona eta belaunaldi ezberdinen bizipenak elkarren artean lotuz. Lehen pertsonan jasotako lekukotasun horien bidez, euskal diasporaren historia, bizimodua eta Euskal Herriarekiko harremana hobeto ezagutu daitezke.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





