Burdinazko Gerrikoa suntsitu zutenekoa

2014ko eka. 16a, 11:12

Burdinazko Gerrikoa edo hesia, herio gerrikoa... izen ezberdinak erabili izan dira Espainiako Gerra Zibilean Bilbo defendatzeko Galdakao eta Txorierri aldetik eraikitako defentsa lerroa izendatzeko. 1937. urteko ekainaren erdialde hartan Francoren armadak Burdinazko gerrikoa apurtu, eta Bilbo bereganatu zuen.

Burdinazko Gerrikoari buruz hainbat kontu eta pasadizo entzun edo irakurri izan ditugu adineko jendearen ahotik zein garai bateko kroniketan. Baina zer da zehatz-mehatz Burdinazko Gerrikoa? Zer dela-eta jarri zioten metal horren izena?

Francoren tropak Bilbora hurbiltzen zihoazela, tunel, lubaki, bunker eta gotorlekuz osaturiko defentsa-lerroa eraiki zuten inguruko mendietan. Garai hartan Bilbo Eusko Jaurlaritzaren egoitza zen, Euskadi autonomoaren arima. Eraikuntza horretan 14.000 pertsonatik gora aritu zen lanean, arkitektoak, ingeniariak eta abarrak tarteko; gerora, horietako bat traidoretzat jo zuten Francorekin aliatu omen zelako eta sistemaren erorketan laguntza eman zuelakoan. 

Euzko Gudarosteko gudariak bi hilabetez egon ziren defentsa-sistema osatzen zuten mendi horietan: Artxandan, Gangurenen, Gaztelumendin, Bizkargin, Santo Domingon... Baina defentsa zaharkitu batean oinarritutako estrategia zen hauena, eta funtsezko akats nabarmenak izan zituzten eraikitzerakoan; baliabide gutxi zituzten airezko erasoetatik babesteko. Francoren armada horretaz baliatu zen, eta 1937ko ekainaren erdialde hartan, ordura arte ikusitako hegazkin kopuru handiena batu zuen burdinazko hesia apurtzeko, eta hala Bilbo hartu eta herrialde osoa frankisten menpe izateko. 110 hegazkinek parte hartu zuten; 70 bonbaketariak.

Burdina metal preziatua izan da beti, apurtu edo suntsitu ezin dena, eta horixe zen bertan borrokan zebiltzan gudarientzat ere: menperaezina. Ondorioz, frankistei aurre egin gabe atzera egin zuten, defendatzeko egokiagoak ziren hainbat posizio utzita, Burdin Hesian babes egokiagoa izango zutelakoan.

Azpeitiko Basilio Urbistondok Burdinazko Gerrikoa eraikitzen parte hartu zuen. Oso ondo azaltzen du zer zen.

Morgako Santi Madariagak etxe ondoan zuen defentsa-lerroa. Inguruko jendea bizikletan joaten zen diru apur bat irabaztera bertara, eraikitzen laguntzearen truke.

Otxandioko Juan Padillak Francok Bizkaia guztia zelan hartu zuen kontatu zigun.

Andoaingo Loren Navarroren aita Bilbo aldera hurbildu zen bertan babesean egongo zelakoan, baina laster ikusi zuen Burdinazko Gerrikoak zein gutxi balio izan zuen.


Udaberrigaldua blogean orduko egunkarietan argitaratutakoa ikusteko aukera dago.

Argazkia Guregipuzkoa.net-etik hartua da.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia