Bruselan izan gara, ahotsak.com aurkezten Batasuneko ordezkarien aurrean
2013ko urr. 30a, 08:30
Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan egon ginen joan zen astean, Langunek antolatutako informazio saioan. Etxepare Euskal Institutua eta Elhuyar fundazioa izan genituen bidelagun.
Bruselan izan ginen urriaren 23an, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan, Etxepare Euskal Institutuko eta Elhuyar Fundazioko kideekin batera, gure proiektua aurkezten. Hizkuntza Industrien Precluster elkarteak, Langunek, antolatu zuen informazio saioa. Euskal Herriko kultura eta hizkuntza sektorearekin lotuta dauden euskal instituzio nagusienak aurkeztea zen asmoa.
Marta Marinek, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkariak, eman zion hasiera saioari. Europar Batasuna eleaniztasunarekin lotuta garatzen ari den ekimenak azaldu zituen, eta hizkuntzen industriaren garrantzia nabarmendu zuen. Fernando Alanak, Languneko zuzendari nagusiak, berriz, Euskal Herriko hizkuntza industriak izan zituen hizpide. Gero eta sektore indartsuagoa dela esan zuen, Europako merkaturako prest dagoena.
Mari Jose Olaziregik, Etxepare Institutiko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak, mundu osoan zehar euskara eta euskal kultura zabaltzeko Institutuak burututako lana azaldu zuen. Elhuyarreko zuzendari nagusiak, Leire Canciok, euren fundazioak eskaintzen dituen zerbitzu eleanitzen berri eman zuen, eta abian dituzten proiektuak aipatu zituen. Eta Badihardugu elkarteko Ainhoa Bernabek eta Idoia Etxeberriak ahotsak.com proiektua zertan datzan kontatu zuten. Aurkezpenek interesa sortu zuten eta entzule ugari hurbildu zen ekitaldira. Luntx eder batekin amaitu zen saioa.
Biharamunean, urriaren 24an, Hizkuntza Industrien II Foro Europarrean parte hartu genuen. Languneko Fernando Alanarekin batera; Bruselan bertan, Europako Batzordean. Sektorearekin lotutako zerbitzuen garapena eta profesionalen trebakuntzarako informazioa eta praktika onak elkarbanatzea zen jardunaldiaren funtsa.
Informazio gehiago: Etxepare, Langune eta Elhuyarren eskutik.
Irudian, Ainhoa Bernabe Badiharduguko kidea Ahotsak.com proiektuaren berri ematen.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.