Bizkaiko musikari tradizionalen pasarteak entzungai Getxo Folk-eko erakusketan

2024ko ira. 13a, 12:07

Dagoeneko martxan da 40. Getxo Folk jaialdia. Aurtengo egitarauaren barruan, Bizkaiko musikari tradizionalak erakusketa antolatu du Itxartu taldeak, Getxo Kulturarekin batera. Besteak beste, Patxi Bilbao, Juan Aiesta, Bonifazio Arandia eta Leon Bilbao musikari bizkaitarren pasarteak ikusi/entzun ahal izango dira bertan.
Irailaren 11n eman zitzaion hasiera aurtengo Getxo Folk jaialdiari. 40. edizioa du dagoeneko Nazioarteko Folk jaialdi entzutetsuak, eta aurten ere egitarau betea prestatu dute irailaren 15a bitarte. Folk jaialdiari lotuta, Getxo Kulturak eta Itxartu Taldeak garai batean Bizkaiko musika tradizionalaren erreferente edo mito izan zirenei omenaldia egin nahi izan diete, haien inguruko erakusketa bat antolatuta: Bizkaiko musikari tradizionalak. Irailaren 6tik 24ra bitartean egongo da ikusgai erakusketa Getxoko Romo Kultur Etxean (RKE).

Alboka, txistua, trikitixa, panderoa eta dultzaina dira euskal musika tradizionaleko tresnarik adierazgarrienak eta musika-tresna horiek jotzen zituzten 15 musikari bizkaitar ekarriko dituzte gogora Bizkaiko musikari tradizionalak erakusketan. Alde batetik, musikari horien tresna orijinalak egongo dira ikusgai eta, bestetik, euren bizitzaren, musikaren eta pasadizoen berri jakiteko aukera izango da. Besteak beste, Patxi Bilbao (1902), Juan Aiesta (1893), Bonifazio Arandia (1909) eta Leon Bilbaoren (1916) pasarteak ikusi/entzun ahal izango dira. Grabazio hauek IRALEren Bizkaiera Bildumakoak dira eta Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren bitartez erakutsiko dira erakusketan. Ikusi, adibiderako, 1986an IRALEko kideek Patxi Bilbaori egindako elkarrizketako pasarte hau:




Esan bezala, Bizkaiko musikari tradizionalak erakusketa irailaren 6tik 24ra bitartean egongo da ikusgai, lanegunetan 8:30etatik 21:30etara eta asteburuan 9:30etatik 20:30ak arte. Sarrera doakoa da.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia