Bisita gidatuak Donostian, gerrari buruz

2016ko ira. 19a, 16:51

Ahotsak-eko lekukoek kontatutako hainbat gertaera antzeztu dituzte, Koma zerbitzuko kideek antolatutako ibilbideetan

Aurreko larunbatean izan zen azken bisita gidatu antzeztua, Donostia eta gerrari buruz. Koma zerbitzu kulturaleko kideek antolatu dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, 1936ko gerra hasi zela 80 urte bete direlako aurten. Oroimen historikoarekin lotutako ibilbideak prestatzeko hainbat iturritatik edan dute: liburuak, artxibategiak... eta ahotsak.eus. Guk Donostian elkarrizketatutako hainbat lagunen testigantzak erabili dituzte. 

Bisita interesgarria izan zen. Easo plazan hasi zen, eguerdiko hamabietan. Hamar bat lagun bildu ginen, bi gidarirekin. Gidari bereziak ziren, aktore bihurtzen baitziren: bonbengandik ihesi jarri gintuzten guztiok, kalez kale. Hainbat datu eman zizkiguten, Donostian gerra garaian gertatu zenaz. Eta hainbat pertsonaia haragiztatu zituzten: moja, falanjista, presoa, heriotza zigorrera kondenatutakoaren senidea... Horietako batzuk benetako gertaeretan oinarritutakoak ziren. Besteak beste, Pakita Anabitartek, Maria Jesus Otaegik eta Pepi Berasategik kontatu zizkigutenak, Ahotsak proiekturako.

Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatutako bisita gidatuak izan dira. Unitate didaktiko bat ere prestatu dute, nerabeek oroimen historikoa lantzeko, eta bertan Ahotsak.eus baliabide gisa jarri dute. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia