1940-1980 urteetako euskalgintzari buruzko liburua aurkeztuko dugu bihar Bergaran, "Izotz ondoko eguzki"

2023ko aza. 30a, 08:22

Izotz ondoko eguzki: Bergarako euskararen historia soziala 1940-1980 izeneko liburuaren aurkezpena egingo dugu bihar, abenduak 1, 19:00etan, Bergarako udaletxeko pleno aretoan, Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan. 

Izotz ondoko eguzki: iluntasunaren osteko argi printzak. Gerraostean Bergaran euskalgintzaren mugimendua nolakoa izan zen azaltzen duen liburua da bihar Bergaran aurkeztuko duguna. 19:00etan, Bergarako udaletxeko pleno aretoan. Izotz ondoko eguzki: Bergarako euskararen historia soziala 1940-1980. 1940tik 1980ra bitartean herrian euskararen alde egindako lana batu du Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak, Bergarako Udalaren enkarguz eta Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan. 

Liburuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera egongo da hitzaldian, Udaleko ordezkarien eta Idoia Etxeberriaren ahotik. Bideo labur bat ere prestatu dute, hitzaldia girotzeko. Eta luntxa ere izango da ondoren, berriketan jarraitzeko. Liburuan euskararen biziberritzearekin lotutako hainbat gai jorratzen dira: euskarazko irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, UNEDeko euskal departamenduko ikastaroak, antzerkia, musika taldeak, bertsolaritza, dantza, kultur elkarteen lana, umeen euskarazko aisialdia... garai hori bizi izan zuten protagonisten bizipenek janzten dute liburua. Elkarrizketatu guztiak gonbidatu ditu Udalak aurkezpenera. 

Helburua herrian euskalgintzan egin den ibilbidea jaso eta zabaltzea da, eta baita protagonistei aitortza egitea ere, sarri lan isila eta ezezaguna delako. Batzorde eragile bat sortu zuen Udalak, proiektua aurrera eramateko (ikus prentsaurrekoko albistea). 2020. urtetik hona ibilbide polita egin du: guztira 33 herritar elkarrizketatu ditugu eta haien testigantzak ahotsak.eus webgunean ikus daitezke. Ondoren, grabazioak landu, eta 20 minutuko ikus-entzunezkoa prestatu genuen. Iazko abenduan Udalak erakusketa antolatu zuen, Aroztegi aretoan (erakusketan, informazio-panelez eta ikus-entzunezkoaz gainera, hainbat material dago: kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak…), eta hitzaldia ere egon zen.

Bergarako Udala eta Badihardugu 2003tik dabiltza elkarlanean, herriko ahozko ondarea jasotzeko lanetan. Bergarako AhotsakEuskal Herriko Ahotsak eta Bergarako emakumea eta lana proiektuetarako elkarrizketak egiteaz gainera, beste hainbat eragilek egindako grabazioak ere bildu dituzte urteen joan-etorrian: guztira 197 hiztunen testigantzak. 3.800 bideo-pasarte eta 670 audio-pasarte baino gehiago ikus/entzun daitezke Bergarako orrian.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia