Bergarako emakumeek egindako lana aztergai
2013ko uzt. 4a, 17:50
'Emakumea eta lana Bergaran' azterlana egin du Badihardugu elkarteak. Bergarako Udaleko Berdintasun sailak bultzatuta, XX. mendean bertako emakumeek lanarekin izan duten harremana aztertu du.
Emakumeen jarduna ezkutuan geratu izan da sarri. Pertsonaia historikoak, famatuak, gizonezkoak izan ohi dira beti. Bergarako Udaleko Berdintasun sailak bazuen kezka hori. Herriko emakumeen historia jaso eta ezagutaraztea nahi zuen. Haien bizimodua azaleratzea, izen-abizenekin. XX. mendean lanarekin izan duten harremana bereziki. Zein lanetan aritu diren, eta zein oztopo izan dituzten. Badihardugu elkartekooi proposatu ziguten ikerketa egitea. Izan ere, www.ahotsak.com webgunean 150etik gora bergararren testigantzak ditugu jasota, horietako asko emakumeak.
Juan Martin Elexpuru eta Idoia Etxeberria arduratu dira ikerketaz. Iaz hasi ziren lanketarekin: lehenengo, grabatutako emakumeen zinten hustuketa egin zuten. Lan kontuei buruzko pasarteak identifikatu eta transkribatu. Hurrengo pausoa emakume gehiago elkarrizketatzea izan zen, ikerketa borobiltzeko. Bederatzi elkarrizketatu dituzte, aurtengo urtarrilean. Denak gerra aurretik jaiotakoak, bat izan ezik. Denak lanbideren batean nabarmendutakoak.
Bergara herri berezia izan da. Ehun lantegietan ehunka neska eta emakume ibili ziren lanean. Baina beste hainbat lanbideri buruzko kontuak ere jaso dituzte: jostunak, neskameak, inudeak, erizainak, emaginak, telefonistak, maistrak, dendariak, ile apaintzaileak, arrain saltzaileak, esnedunak... Lan mundua ikertzerakoan, beste alor batzuek ere agertu dira: hezkuntza, denbora librea, erlijioa, emakumeek lana eta familia nola uztartzen zuten... Batik bat XX. mendearen lehen erdian jarri dituzte begiak. Baina aurreko eta osteko garaiei ere begiratutxo bat eman diete, gertaerak testuinguruan kokatze aldera. Orotara 160 bat orrialdeko lana egin dute.
Ikerketarako helduleku nagusia adineko emakumeen testigantzak izan dira. Bergaran 1888 eta 1945 urteen bitartean jaiotakoak. Bi edo hiru belaunalditako emakumeen lan esperientzia ezagutzeko aukera eman dute lekukotasunek. Beste informazio iturri batzuk ere erabili dituzte: artxiboetako dokumentuak, aurretik egin diren ikerlanak eta publikazioak... Hori bai, Bergarako emakumeen ahotsa da lan honen ardatza eta berezitasuna. Lehen pertsonan kontatzen dituzten bizipenak.
Orain, Bergarako Udala azterlana nola zabaldu pentsatzen ari da.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.