Bergarako Appa Hi! aurkeztu da Euskaraldiaren barruan
2025ko mai. 19a, 15:21

Badihardugu Euskara Elkarteak, Bergarako Udalaren eskariz, hitanoa ikasi eta praktikatzeko Appa Hi! aplikazioaren Bergarako atala prestatu du. Euskaraldia dagoeneko martxan dagoenez eta Bergara Euskaraldia Hikan parte hartzen ari diren 84 herrietako bat denez, gaur kaleratu dute aplikazioaren bertsio berria.
Maiatzaren 15ean abiatu zen 2025eko Euskaraldia eta dagoeneko egitasmo ugari egin dira herririk herri. Aurtengoan, gainera, Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera ere eskaini da, Zirhika mugimenduari esker, eta 84 herrik egin dute ekimen horretan parte hartzeko hautua. Hori dela eta, bestelako ekimenekin batera, asko dira hitanoa bultzatzeko egiten ari diren ekintzak ere: hika bertso-saioak, ikastaroak, hitzaldiak... Bergara ere Euskaraldia hikan parte hartzen ari den herritako bat da eta, hitanoari bultzada eman nahirik, hika ikasteko eta praktikatzeko Appa Hi! aplikazioaren Bergarako bertsioa aurkeztu dute gaur. Aplikazioa Codesyntax enpresak garatu du eta Badihardugu Euskara Elkarteko kideak arduratu dira edukiaz, Bergarako Udalak eskatuta.
Hauxe da Appa Hi! aplikazioaren helburua: jolastuz ikasi; modu errazean, jolasean, ia konturatu gabe 5 astean hitanoaren oinarriak ikasteko aukera ematen du. Hitanoaren oinarri teorikoak eskaintzen ditu, baina ikasketa-prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Doakoa da eta PlayStoren eta AppStoren dago eskuragarri. Deskargatu, eta hasi jokatzen!
35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak -Mirari Sagarzazu marrazkilariarenak- eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du Bergarako hika (edo aukeratzen den herrikoa) ikastea.
Aplikazioko ikasgaietan hainbat adibide, bineta, audio, bideo... txertatu dira, ikasitakoaren lagungarri. Bideoak osatzeko, Ahotsak.eus-eko testigantzak erabili dira. Ikusi, esate baterako, hika erabiltzeko ohituren inguruan zenbait herritarrrek esandakoarekin osatutako bideoa:
Argazkiaren iturria: Bergara Udala.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.