Basauriko "azken euskaldunen" testigantzak sareratu ditugu
2016ko urt. 25a, 10:05
Basauriko euskararen transmisioa etenda ikusi zuenean, Basauriko "azken euskaldunen" berbak jasotzen jardun zuen Jon Arretxek 1990eko hamarkadaren hasieran. "Basauriko euskara" azterlana eta "Basauriko azken euskaldunak" ikus-entzunezkoa izan ziren bilketaren emaitzak. Orduko grabazioak Ahotsak-en katalogatu ditugu. Arretxek "Azken euskaldunak" aipatzen zituenean, Basauriko hizkera erabiltzen zuten azken lekukotasunez ari zen, jakina; harrezkero jaio da (eta jaioko da) euskaldunik Basaurin!
Jon Arretxek hainbat elkarrizketa egin zituen Basaurin 1990eko hamarkadaren hasieran, bertako euskara jaso eta aztertzeko asmoz. Jose Manuel Etxebarriaren zuzendaritzapean, 1994. urtean Basauriko euskararen azterketa lingusitikoa tesi-lana aurkeztu zuen, emaitza gisa. Basauriko Euskara izeneko liburua ere argitaratu zen, tesiaren laburpen erabilgarri moduan. Arretxek orduan bildutako altxor linguistiko hori Ahotsak-en txertatzeko aukera izan dugu. Basauriko euskara nolakoa zen erakusten diguten 137 grabazio katalogatu ditugu guztira.
Katalogatutako grabazio gehienak audio hutsa dira, baina oso interesgarriak, era berean. 2016an grabazio horiek lantzeko asmoa dugu, baina oraindik katalogatu besterik ez ditugu egin. Hala ere, Arretxek Fabian Laespadaren laguntzaz sortutako Basauriko azken euskaldunak bideoa ere katalogatu dugu, eta bertako zenbait zati sareratzeko aukera izan dugu.
Ikus-entzunezkoan 90eko hamarkadan Basauriko euskararen egoera zein zen azaltzen da, auzoz auzo. Eta auzo bakoitzean bertako lekukoren baten testigantza entzuteko aukera dago ondoren. Arretxek bertako euskararen eredutzat hartu zuen hiztunetako bat Atxikorre baserriko Karmen Moja dugu. Ez omen zen neska makala gaztetan!
Karmenen loba Josek ganaduaren inguruko azalpenak eman zituen:
Eta Maria Jesus Izagirrek, berriz, Basauriko euskararen gainbeheraz egin zuen berba:
Zalantzarik gabe, eskerrak eman behar dizkiegu egileei, altxor hau guztion eskura jartzeagatik!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.