Badiharduguk eta Usurbilgo Udalak hitzarmena sinatu dute

2010ko eka. 10a, 14:50

1996-98 urteetan landutako Hitza Jasoz herri proiektuak jarraipena izango du 2010-2011 urteetan, Badiharduguren eskutik oraingoan. 90. hamarkadako lanean batutakoak webgune honetara ekarriko ditugu eta usurbildar edadetuei elkarrizketa berriak egingo ere bai.

Aurreko mendearen azken urteetan Usurbilgo herritar talde batek Hitza Jasoz ekimena abian jarri zuen. Herriko gizon-emakume nagusien testigantzak jaso zituzten eta lana Udalaren esku utzi zuten. Elkarrizketen zenbait pasarte transkribatu ere egin zituen Koro Tapiak.

Orduan egindako lana edozeinentzat eskuragarri ipini eta grabaketa berriak egiteko helburuarekin,  2010-2011 urteetarako hitzarmena sinatu dute, irudian ageri den moduan, elkarrizketak egiteaz arduratuko den Eider Etxeberria usurbildarrak, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak eta Asier Sarasua Badihardugu Euskara Elkarteko lehendakariak. Proiektuaren izenak bere horretan jarraituko du: Hitza Jasoz izango da. Badihardugu proiektuaren hastapeneko zinta zaharrak digitalizatzen, katalogatzen eta lantzen hasiko da, eta elkarrizketa berriak ere egingo ditu. 10 hiztunen testigantzak jaso eta landuko ditugu, pasarte onenen bideoak eta transkribapenak eginez. Guztia webgune honetan jasoko da, Usurbil herriari dagokion atalean.

Diario Vasco egunkariak ere eman du honen berri.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia