Badihardugu eta Oiartzungo Tur-ttur elkartearen arteko hitzarmena

2007ko api. 13a, 14:41

Badihardugu Euskera Elkarteak eta Oiartzungo Ttur-Ttur Euskera Elkarteak lankidetza hitzarmena izenpetu dugu, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko ahaleginetan martxan ditugun proiektuetan elkarri laguntzeko.

Oiartzungo liburutegian egindako ekitaldi batean, Badihardugu eta Ttur-Ttur elkarteek lankidetza hitzarmena izenpetu dugu. Hitzarmena orain dela zenbait aste adostu genuen, eta dagoeneko martxan dago bi elkarteen arteko lankidetza. Hala ere, izenpetze ekitaldia gaur goizean gauzatu da Oiartzunen bertan.

Bi elkarteok, bakoitzak bere aldetik, tokian tokiko ahozko ondarea jasotzeko proiektu bana ditugunez, eta helburu eta proiektu berdinak ditugula kontutan hartuta, elkarri laguntza emateko eta indarrak optimizatzeko, elkarlanerako hitzarmen hau adostu dugu.

Elkarlana bultzatzeko elkarte bakoitzak konpromisu hauek hartu ditu:

  1. Badihardugu Euskara Elkarteak Oiartzungo ahozko ondarea jasotzeko baliabideak eskainiko dizkio Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneari, besteak beste, datu-basea, galdetegia, gai-kodeak eta materiala Interneten jartzeko online-sistema.
  2. Ttur-Ttur Euskaltzaleon Elkarteak, berriz, Oiartzunen jasotako materialaren kopia bat lagako dio Badiharduguri, azken horrek beste hainbat herritan egindako lanarekin batera Oiartzungo ahozko ondarea ere erakus dezan.

Ez daukagu zalantzarik, elkarteen arteko lankidetza honek emaitza handi eta aberatsa emango duela.

Argazkian, bi elkarteetako lehendakariak, Saioa Ballesteros eta Asier Sarasua.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia