Badihardugu Elkartearen 20. urteurrena kantuan ospatu dugu

ots. 4, 2021, 10:14 a.m.

20 urte pasatu dira Deba eskualdeko euskara bultzatzeko asmoz Badihardugu Euskara Elkartea sortu zenetik. Egoera berezi honetan urteurrena kantuan ospatzea pentsatu dugu. 2018an Abaddia Saria jaso genuenean Ainara Ortegak eskaini zigun kanta ederra abestuz bideo hauxe osatu dugu Badiharduguko kideok. Ea gustatzen zaizuen!

20 urte igaro dira Badihardugu elkartea lehen pausoak ematen hasi zenetik. Ibilbide luze horretan lagundu diguzuen guztioi eskainita, honako bideo hau prestatu dugu. Kantatu zuek ere gurekin!

2000. urte amaiera zen. Deba eskualdeko hainbat euskara teknikari, irakasle, ikerlari eta eragile bildu ziren, eskualdeko euskararen konplexuak eta beldurrak uxatu eta bertako euskara bultzatu asmoz. Eta Badihardugu Euskara Elkartea sortu zen.

Eskualdeko euskararen inguruko hainbat lan kaleratu ziren Elkartearen sorreratik. Euskalkian idazteko irizpideak zehaztea izan zen beste helburuetako bat eta, hainbat bilera eta eztabaidaren ostean, Euskalkian idazteko irizpideak lilburuxka osatu zen.

Arlo ezberdinetako beste hainbat lan ere kaleratu ditu Badihardugu Elkarteak: gazte hizkera, ahozko jarduna, hizkuntza-erabilera, adizkiak, kantak eta jolasak... Baina 20 urte luze hauetan herri-hizkeren eta ahozko jardunaren bilketan eta hedapenean egin du lanik handiena.

2003 inguruan abiatu zen Deba eskualdeko Ahotsak proiektua, gaur egungo Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren hasiera izan zena. Urtez urte herri berriak gehitzen eta indarra hartzen joan zen proiektua, gaur egun duen handitasuna lortzeraino. 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Abaddia Saria ere jaso zuen Ahotsak.eus-ek. Guretzat hain berezia izan zen ekitaldi horretan Juan Martin Elexpururen hitzez jantzitako doinu eder bat eskaini zigun Ainara Ortega abeslariak. Kanta horixe aukeratu dugu Badiharduguren 20. urteurrena ospatzeko eta bideo bat osatu dugu Badihardugu Elkarteko hainbat kideren artean.

Eskerrik asko bideoan parte hartu duzuen Badiharduguko langile, laguntzaile eta zuzendaritzako kideei! Eta mila-milka esker Ainara Ortegari eta Juan Martin Elexpururi hain kanta ederra eskaintzeagatik! Eta, nola ez, eskerrik beroenak 20 urtean zehar lagundu diguzuen guzti-guztioi! 20 urte eta... BADIHARDUGU!

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia