'Badiako ikastola txiki kementsu haiek' dokumentalaren aurkezpena, bihar Lezon
2026ko aza. 11a, 09:36
Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentala Pasaia Donibanen aurkeztu zuten, urriaren 2an. Orain badiako gainerako barrutietan egingo dituzte emanaldiak: bihar bertan Lezon eta datozen asteetan San Pedron, Antxon eta Trintxerpen. Badihardugu euskara elkarteak Pasaiako eta Lezoko udalen enkarguz prestatu duen ikus-entzunezkoa da eta Pasaia-Lezo Lizeoa ari da emanaldiak antolatzen, 50. urteurrenaren harira.
Badiako bost ikastola txikien historia kontatzen du Badiako ikastola txiki kementsu haiek.1958-1979. Pasaiako eta Lezoko ikastolen ibilbidea dokumentalak: nola sortu ziren eta nola elkartu ziren Pasaia-Lezo Lizeoa eratzeko. Urriaren 2an, estreinatu zenean, gonbidapenak agortu egin ziren eta Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoa bete egin zen. Orain beste lau aukera daude ikus-entzunezkoa ikusteko. Bihar Lezoko Gezala aretoan emango dute, 18:30ean. Azaroaren 18an San Pedron, 18:30ean Ertin. Azaroaren 30ean Pasai Antxon, 19:00etan kultur etxean, eta abenduaren 2an, berriz, Trintxerpen, Alkateordetzan 18:30ean. Ondotik, Youtuben egongo da ikusgai.
Hona hemen Pasaia-Lezo Lizeoak Donibaneko aurkezpeneko irudiekin prestatutako bideoa (aurkezpen hura Pasaiako Udalak antolatu zuen; goian, aurkezpen eguneko talde-argazkia):
Dokumentalak ordubete pasatxo irauten du. Badihardugu euskara elkarteak prestatu du, Pasaiako Udalaren eta Lezoko Udalaren enkarguz. Badiharduguko Idoia Etxeberriak egin ditu elkarrizketak eta gidoia. Elkarrizketatutako guztien testigantzak Ahotsak.eus webgunean daude, ehundik gora bideo-pasarte ikus daitezke Badiako ikastola txikiak proiektuan. Ikus-entzunezkoaren edizioaz, berriz, Haizea Odria arduratu da. Bi urteko lan-prozesua izan da. Ikastolen ibilbideei buruz dokumentatu ostean, 2025ean zehar 37 pertsona elkarrizketatu zituzten: irakasleak, ikasleak eta gurasoak, batik bat. Hainbat herritarren laguntza izan dute ikus-entzunezkoa egiteko garaian, besteak beste sasoi hartako irudiak lortzeko. Gainera, Pasaiako Udalaren eskariz, Jurgi Ekiza musikariak eta Pasaia-Lezo Lizeokoek abesti bat sortu zuten dokumentalerako.
Adibiderako, hona hemen Ahotsak webgunean ikus daitekeen bideo-pasarte bat. Kontxita Beitiak Antxon ipini zuen ikastola, bere etxean, 1960an:
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





