'Badiako ikastola txiki kementsu haiek' dokumentalaren aurkezpena, Donibanen

2026ko urr. 6a, 10:14

Aurreko ostiralean, Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentala aurkeztu zuten Pasai Donibanen, Badihardugu euskara elkarteak Pasaiako eta Lezoko udalen enkarguz prestatu duen ikus-entzunezkoa. Badiako bost ikastola txikien historia kontatzen du eta nola elkartu ziren Pasaia-Lezo lizeoa sortzeko. 

Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoa bete egin zen, aurreko ostiral arratsaldean. Izena eman behar zen eta egun batzuek lehenago jada ez zegoen tokirik. Badiako ikastola txiki kementsu haiek.1958-1979. Pasaiako eta Lezoko ikastolen ibilbidea dokumentala ikustera joan ziren. Ikastoletako irakasle, guraso, laguntzaile eta ikasle ohiak ziren asko eta hunkituta ikusi zuten ikus-entzunezkoa, garai zaharrak gogoratuz. 

Dokumentala laster egongo da ikusgai YouTubeko hiru kanaletan: Ahotsak, Pasaiako Udala eta Lezoko Udala. Bost ikastola txikiren historia kontatzen du -Lezo, Trintxerpe, Donibane, San Pedro eta Antxo- eta baita ere nola elkartu ziren, Pasaia-Lezo Lizeoa sortzeko. Ordubete pasatxo irauten du. Badihardugu euskara elkarteak sortu du, Pasaiako Udalaren eta Lezoko Udalaren enkarguz. Badiharduguko Idoia Etxeberriak egin ditu elkarrizketak eta gidoia. Edizioaz, berriz, Haizea Odria arduratu da. Elkarrizketatutako guztien testigantzak Ahotsak.eus webgunean daude, ehundik gora bideo-pasarte ikus daitezke Badiako ikastola txikiak proiektuan. 37 pertsona elkarrizketatu zituzten eta ia bi urteko lan-prozesua izan da. 

Pasaiako Udalak antolatu zuen ostiraleko ekitaldia eta Teo Alberro Pasaiako alkateak egin zuen ongi etorria. Trintxerpeko ikastolako ikasle ohia da Alberro. Haren esanetan, "memoria ez da datu multzo bat. Memoria pertsonak dira. Ahotsak dira". Baldintza eskasetan izan arren, ikastolen alde lan egin zuten guztien ahalegina txalotu zuen. Ondoren, Mikel Arruti Lezoko alkateak hartu zuen hitza. "Esperantza eta txikitasuna" izan zituen ahotan: esan zuenez, "oztopoen gainetik esperantzarako arrazoiak izan behar dira beti" eta "txikitasunetik gauza handiak lor daitezke".  

Dokumentala txalo zaparrada batekin hartu zuten bertaratutakoek. Ondoren, parte hartu dutenak oholtzara deitu zituzten. Laura Rék eta Iker Salaberria Pasaiako eta Lezoko Kultura zinegotziek oroigarri bana eman zieten: lore bana eta pendrivea, dokumentalaren kopiarekin.

Ekitaldiko une hunkigarrienetako bat Pasaia-Lezoko haurren emanaldia izan zen. Jurgi Ekiza musikariaren laguntzarekin, dokumentalerako sortu zuten "Zor diegu" abestia kantatu zuten. Ekitaldia mokadutxo batekin bukatu zen: ikastolen sorrera garaietako pasadizoak kontatzen aritu ziren, gustura solasean. 

Hemen Lezoko Udalak atera duen albistea eta hemen Pasaiako Udalak plazaratutakoa. 

Goiko argazkian, ostiraleko ekitaldiko talde-argazkia. Iturria: Pasaiako eta Lezoko udalak

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia