Azpeitian hitanoa landu eta bultzatzeko egitasmoa abian da

2011ko urr. 26a, 09:22

DBH-ko 3. eta 4. mailetako ikasleei zuzendua dago eta azaroan hasiko dira ikasgeletan lantzen. Leloa ere badu Azpeitian hitanoa landu eta bultzatzeko egitasmoak: Arin-arin hika egin!

Euskara Patronatuak eta Mintzola Fundazioak herriko ikastetxeekin elkarlanean garatu duten proiektua ostiralean (urriak 21) aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean. Aurkezpenean egon ziren Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta euskara zinegotzi Ainhoa Beristain; Mintzolako zuzendari Josune Zabala eta Azpeitiko proiektuan lanean ari den Inazio Usarralde; ikastetxeetatik egitasmoan lanean ari diren irakasleak; eta egitasmorako webgunea osatu duen Bit&mina diseinu etxeko Arkaitz Barriola.

Mintzolak aurrez Zumaian abian jarritako egitasmoaren esperientziak bidea erraztu zien azpeitiarrei, orain dela urtebete proiektu hau lantzen hasi zirenean. Azpeitia herri euskalduna den aldetik, bada erregistro bat oso aberatsa izan dena urteetan barna: hitanoa. Hitanoa erabili arren, halere, pixkanaka erabilera murriztuz joan da eta kalitatea ere jaisten ari da. Behar honi erantzunez hezkuntza mailan abiatzen den proposamen bat garatu da, baina horrez gain, aurreikusiak daude irakasleentzat formazio saioak eta irakasle zein gurasoentzat motibazio saioak.

Azpeitian zein Zumaian, bietan ere Ahotsak.com proiekturako jasotako lekukotasunak ere erabiltzen dituzte gazteei eredu egokiak eta biziak erakusteko.


Basotik egurra lortzeko egin beharrekoa
Juan Zabaleta Ahotsakeko elkarrizketatzaileari hika egiten

 

Xapu zapo kazetaria bidelagun

Gazteentzat formatu erakargarriak erabili asmoz webgunea sortu dute eta han izango dituzte ikasleek hainbat ariketa eta jolas. Sekuentzia didaktikoak josi eta gidatzeko pertsonaia bat sortu dute, Xapu zapu kazetaria eta leloa ere badu egitasmoak: Arin-arin hika egin!.

2011-2012 ikasturtea hasiera besterik ez da izango. Datozen ikasturteetan egitasmo beraren eragin-eremua zabaltzea eta material sorkuntzarekin aurrera egitea aurreikusita dago.

(Argazkia: erabili.com)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia