Azkue Fundazioa aurkeztu dute

2009ko aza. 4a, 11:08

Gaur arratsaldean aurkeztuko dute AZKUE fundazioa, euskara modu berritzailean, Internet eta teknologia berriak erabiliz, bultzatzeko ekimena. Ahotsak.com ataria tartean izango da.

Euskararen erabilera bultzatzea helburu estrategikoa da AZKUE Fundazioarentzat, eta horretarako, ezinbestekoa da euskara Interneten zabaltzea, sarean komunikatzen baita Bizkaiko gazteria. Fundazioak euskarazko eskaintza interaktiboa areagotzeaz gain, gazteei Interneten egin daitezkeen hainbat ekintza euskaraz egiteko aukera eskaini nahi die; jolastu, ikasi, hitz egin edota iritziak partekatu, alegia.

Fundazioaren Patronatuan Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Euskaltzaindia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea egongo dira.

AZKUE fundazioak dagoeneko martxan zeuden hainbat proiektu bultzatuko ditu, eta beste berri batzuk ere jarriko ditu abian. Horien artean, Ahotsak.com proiektua dago (beheragoko puntu batean dago azalpena, "Geurea Jaso eta zabalduz" izenburupean).

  • Wiki Plaza:. Euskarazko Wikipedian aurki daitezkeen sarrera kopurua areagotzea du helburu, kultura eragile desberdinen arteko harremanak eta sinergiak bultzatuz.
  • Jakintza librea: AZKUE fundazioak Jakintza librea bultzatu nahi du. Hau da, euskarazko edukiak, hala nola musika, filmak, liburuak, argazkiak, datuak, zientifikoak, historikoak, edo beste edonolakoak libreki banatzea guztien eskura egon daitezen.
  • Jklik (ikas materiala):  Euskal irakasleei zuzendutako proiektua. Software honen bitartez irakasleek gai ezberdinak Internet eta ordenagailu bidez emateko aukera izango dute; hizki-sopa, gurutzegramak, testu ariketak edo asmakizunak. Momentu honetan lehenengo eta bigarren zikloan asko erabiltzen den  “Clic 3.0” programaren garapena da.
  • Kaixo Frankie!: Kode librean dagoen jokoa euskaratu dute eta gainera, Bilbo inguruan jokatzeko aukera emango dute. Urtxintxa bihurriaren joko interaktiboa da honakoa; Getxo eta Bilboko hainbat gunetan dago kokatua.
  • XUXEN Bizkaieraz: Dagoeneko martxan dagoen euskara zuzentzailea bizkaierara egokituko dute.  Bizkaieraz idatzitako testu zuzentzailea da. Helburu nagusia idatzizko bizkaiera estandarra bultzatzea da. Labayru, Eleka eta IXA ikerketa taldeak sortu dute, eta AZKUE fundazioak zabalduko du.
  • Euskararen Interpretazio Zentroa: Euskararen historia eta aniztasunari buruzko erakusketa elkarreragilea.
  • Mediategia: Orain arte euskaraz argitaratu den material guztiarekin artxibo multimedia bat osatzea da egitasmo honen xedea.
  • Unibertsitate liburutegia: Unibertsitateko irakaskuntzan eta ikerkuntzan erabiltzen diren argitalpenen bilduma osatu nahi da.
  • Geurea jaso eta zabalduz!: Gure hizkuntzaren aniztasuna jasoko duen Ahotsak.com ataria. Besteak beste, bizkaierazko grabaketak jasoko ditu.
  • Euskara bidaiari: Euskarak munduan duen presentzia bizia mapamundi elkarreragile baten bidez azaldu nahi izan da.

Proiektu hauek eta beste asko eskuragarri egongo dira www.azkuefundazioa.org orrialdean. Webgune hau ere, euskal internauten bateragune izatea nahi du fundazioak.

Orain arte “Euskararen Etxean” egin den lanari jarraipena eman nahi diote; bertan Mediateka eta Euskararen Interpretazio Zentroa eta euskararekin zerikusia duten elkarteak daude: Topagunea, Mendebalde, Euskal Idazleen Elkartea, Bizkaiko Ikastolen Elkartea eta Ahotsak.com.

Aurkezpena, gaur 19:30ean Euskaldunan

Aurkezpen ekitaldiak eszenaratze apurtzailea, dinamikoa eta berezia izango du, eta Euskalduna Jauregian ospatuko da arratsaldeko 19:30etan. Bertan, AZKUE fundazioaren inguruko bideoa, “Kaixo Frankie” jokoaren erakustaldia, yamakasien showa eta DJ Mimoloco egongo dira. Bizkaiko Kultura Diputatuak eta Fundazioko Lehendakaria den Josune Ariztondoz gain Patronatoko kide guztiak (Euskaltzaindiako Presidentea, Bilboko Alkatea eta UPV/EHUko eta Deustuko Erretoreak) hartuko dute parte ekitaldian eta azkenean, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Jose Luis Bilbao Egurenek hitz egingo du amaiera emateko.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia