Azkoitiko Ahotsak proiektuari jarraipena emango diogu

2020ko ots. 26a, 11:37

Hamar urteren ostean, Azkoitiko Ahotsak proiektuari jarraipena emango diogu, Azkoitiko Udalaren laguntzaz. 2008-2010 bitartean 33 herritarren ahotsa jaso genuen. Orain, urtean 10 lekuko elkarrizketatzea aurreikusten da. Dagoeneko hasi gara elkarrizketa berriak egiten eta baita pasarteak sareratzen ere.

Azkoitiko Ahotsak proiektua 2008an abiatu zen, Badihardugu Euskara Elkarteak eta Azkoitiko Udalak sinatutako hitzarmenari esker. 2008-2010 bitartean 33 herritar elkarrizketatu ziren. Grabazioak landu ostean, bideo-pasarteak www. ahotsak.eus/azkoitia orrian sareratu ziren. Horrekin batera, zenbait grabazio zahar ere berreskuratu ziren. Horri esker, 53 lekukoren 58 zinta katalogatu genituen guztira webgunean eta 811 bideo-pasarte sareratu.

Joan zen astean Azkoitiko udaletxean eskainitako prentsaurrekoan azaldu zen moduan, hitzarmen berria sinatu dugu Badihardugu Elkarteak eta Azkoitiko Udalak 2019 bukaeran. Horri esker, urtean 10 elkarrizketa berri egitea aurreikusten da. Elkarrizketa horiek landu egingo dira eta, ondoren, bideo-pasarteak sareratu. Marijose Arregi euskara zinegotziak adierazi zuenez, Azkoitiko Udalak herriko euskara eta ahozko ondarea indartzeko interesa du eta horregatik erabaki dute proiektuari jarraipena ematea.

Dagoeneko hasiak gara zenbait azkoitiarren lekukotasunak jasotzen. Momentuz, bost elkarrizketa egin ditugu, oso interesgarriak guztiak. Adibide gisa, hona hemen 99 urteko Jose Javier Azpitarte `Imuntzo´ herritarrak  1933an bizitako izar-aldaketaren inguruan emandako testigantza:

Datozen asteetan elkarrizketak egiten eta egindakoak lantzen jarraituko dugu eta maiatza bitartean 120-150 bideo-pasarte berri sareratzea aurreikusten dugu.

Horrez gain, lehen egindako lana herritarren artean zabaldu asmoz, Udalak bere facebook orrian astean bideo-pasarte bat kaleratuko du datozen hilabeteetan.

 

Argazkian, Marijose Arregi Azkoitiko Udaleko euskara zinegotzia eta Aintzane Agirrebeña Badiharduguko kidea, ostiraleko prentsaurrekoan (www.maxixatzen.eus webgunetik hartua).

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia