Azkoitiko Ahotsak - Aurkezpena eta omenaldia

urr. 28, 2010, 10:06 a.m.

Atzo iluntzean ekitaldi polita izan genuen Azkoitian. 2008. urteaz geroztik, Azkoitiko udalaren eta Badihardugu Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmen bati esker, herriko 40 lagun inguru elkarrizketatu dira euren lekukotasuna jasotzeko. Herriko hizkera eta memoria historikoa bildu dira eta materialik gehiena sarean dago, Azkoitiko Ahotsak orrialdean. Atzo, proiektua aurkezteaz gain, eskertza eta omenaldia egin zitzaien proiektuan parte hartu duten azkoitiar guztiei eta senideei.

Atzo arratsaldean izan zen aurkezpen eta omenaldi ekitaldia, Azkoitiko Intsausti jauregian. Hantxe elkartu ziren, udaleko ordezkariak, Ahotsak.com proiektuko kideak eta Azkoitiko elkarrizketetan parte hartu duten herritar gehien-gehienak.

Yolanda Larrañaga, Azkoitiko euskara zinegotziak aurkeztu eta gidatu zuen ekitaldia. Berekin batera, Asier Sarasua, Badihardugu elkarteko presidentea, eta Aitziber Otegi, Azkoitian elkarrizketak egiten aritu den teknikaria.

20 minutu laburrean, proiektuaren nondik norakoak aurkeztu zituzten (bai Ahotsak-en egitasmo orokorra, baita Azkoitian egindako lanak), eta ondoren bideo bat ikusi ahal izan genuen, Azkoitian elkarrizketatutako lekuko guztien pasarteak biltzen zituen bideo hunkigarria (beherago ikus dezakezu).

Horren ondoren etorri zen ekitaldiaren zatirik garrantzitsuena: partaide guztiei omenaldi txiki bat eskaintzea eta euren DVDaren kopia banatzea. Halaxe jaso zuten, txalo eta malko artean, proiektuan parte hartu zuten guztiek (bakarren bat falta izan bazen ere) euren grabazioa eta baita atzoko aurkezpenean ikusi zuten bideoa ere.

Amaieran, talde-argazki ederra atera genuen (alboan). Argazki gutxi batzuk gehiago Flickr-en ikusi ditzakezu.

Azkoitiko Ahotsak gauzatzeko hitzarmena 2008. urtean izenpetu zen eta 2 urteko epe honetan 40 ordu inguru grabatu dira, herriko auzo guztietan (Aizpurutxo, Elosu, Urrategi, Madariaga, Martirieta eta Astarbe "Kukuerri"), eta jasotakoa landu eta online jarri da, Azkoitiko Ahotsak orrialdean. Gainera, 200 pasarte inguru ere transkribatu dira eta 300 pasarte ingururen bideoa ere online jarri da.

Ahotsak.com-en aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu udaleko euskara saileko guztiei eta, batez ere, proiektuan parte hartu duten azkoitiar guzti-guztiei. Mila esker!

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia