Atzo, Urnietako Ahotsen aurkezpena
2014ko abe. 3a, 15:34
Parte hartu duten guztiei eskerrak emateko ekitaldia izan zen. Urnietan 33 lagun elkarrizketatu ditugu, bertako euskara eta historia jasotzeko. Haien testigantzak, 666 bideo pasarte guztira, Interneten ikus daitezke, eta baita aurkezpeneko bideoa ere.
Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian egin zuten omenalditxoa. Urnietako kultur etxean izan zen hitzordua, atzo arratsaldean. Mikel Pagola alkateak hartu zuen hitza, Udalaren izenean bertaratutakoei ongi etorria eta eskerrak emateko. Ondoren, Ainhoa Ansak eta Idoia Etxeberriak azalpen batzuk eman zituzten, Ahotsak proiektuaren izenean. Parte hartzaile guztien testigantzekin osatutako bideoa ikusiaz eman zitzaion amaiera ekitalditxoari. Bakoitzari bere grabazioaren kopia eman, eta talde argazkia atera genuen. Hunkigarria izan zen. Ez zen txalorik falta izan, eta ezta ateraldi barregarririk ere. Oso giro polita sortu zen.
Urnietan 33 elkarrizketa egin ditugu. Ainhoa Ansak egin zituen elkarrizketok, 2010 eta 2011 urteetan. Bertako ahozko ondarea jasotzea zen helburua: bertako euskara ez ezik, baita historia ere. Urnietako Udalari esker, grabazio guztiak lantzeko aukera izan dugu: jasotakoa minutuz minutu entzun, pasarte interesgarrienak aukeratu eta bideoak sarera igotzekoa. Guztira 666 bideo pasarte ikus daitezke www.ahotsak.eus webgunean. Altxor hori nahi duenaren eskura dago orain.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.