Ordizian asteazkenak jai egun bihurtu zirenekoa

2012ko mar. 19a, 16:17

Ordiziako azoka antzinakoa da; 500. urteurrena ospatu zuten atzo. Azoka nolakoa zen gogoratu dugu guk ere, Ahotsak-en jasotako testigantzen bidez.

1512. urtean Ordizia kiskalita geratu zen, sute baten ondorioz. Horregatik, orduko Gaztelako erregina zen Juana "eroak" herriari baimen berezia eman zion: asteazkenero zergarik gabeko merkatu librea egiteko baimena. Horixe da gaurko azokaren abiapuntua.
Joxe Mari Fausek dioenez, halaxe bihurtu zen asteazkena asteko egun inportanteena. Bai ordiziarrentzat eta baita inguruko herrietako baserritarrentzat ere.

Denetik izaten zen azokan, bertso paper saltzaileak barne. Harremanetarako gune inportantea izaten zen. Felipe Kortaren arabera, bikote asko sortu ziren azokaren bueltan.

Fruta eta berduraz gainera, abereak, arropa eta baserriko tresnak ere saltzen zituzten azokan. Donostiatik ere joaten ziren erostera, gero hiriburuan saltzeko.

Rafaela Nazabal Mandubitik joaten zen azokara; hasieran astoarekin, gero autobusez; batzuetan, baita autobus gainean igota ere!

Patxi Maizaren ama azokan egoten zen berdura saltzen; saskiak eramaten zizkion berak, goizean goiz, lanera joan aurretik.

Kortaren ama zaldi karroarekin joaten zen. Jendetza hurbiltzen zen Ordiziara, eta trenbidea gurutzatzeko zalaparta galanta izaten zen.

Emakumeak lehenago joaten ziren etxera. Gizonezkoen esku geratzen zen animalien sal-erosketa. Idi probak ere egiten zituzten.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia