Arratiako Appa hi! aurkeztuko dute bihar Bilbon

2026ko aza. 18a, 15:07

Bihar, azaroaren 19an, Arratiako Appa hi! aplikazioa aurkeztuko dute ZirHika taldeko Gotzon Aurrekoetxeak eta Aintzane Agirrebeñak Bilbon, Batzar Nagusietan. Appa hi! aplikazioan dagoeneko hainbat herritako bertsioak aurki daitezke; Arratiakoa eskualde mailako lehenengoa izango da, eta Bizkaiko bigarrena.

Appa hi! aplikazioa eskuko telefonoaren bidez hitanoa ikasteko aplikazioa da, eta bost astean hika egiten ikasteko aukera ematen du. Badihardugu euskara elkarteak garatu zuen 2021ean, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean, eta ordutik hainbat herritako bertsioak prestatu dira. Orain, hitanoa biziberritzeko lanean ari den ZirHika taldeari esker, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Arratiako bertsioa aurkeztuko da, Bizkaiko bigarrena. Bihar Bilboko Batzar Nagusietan egingo dute aurkezpena eguerdiko 12:00etan eta abenduaren 4an Arratian aurkeztuko da, Igorren, arratsaldeko 18:30etan. Gotzon Aurrekoetxea hizkuntzalari dimoztarrak prestatu du edukia.

35 egunean, egunero pilula edo ikasgai batean, hika ikasteko informazioa ematen da: azalpenak eta aditz-taulak. Eduki horri laguntzeko, adibideak ere ematen dira, testu, marrazki edo audioen bidez. Arratiako Appa hi!-ren ikasgaietan, esaterako, Mirari Sagarzazuren marrazkiak, Begitu aldizkariko adibideak eta hainbat audio aurki daitezke (Ahosak.eus-en jasotako Bibiñe Pujanaren ipuinen zatiak eta herriko talde batek grabatutako esketxak). 

Azalpenen ondoren, egun horretako ikasgaiarekin lotutako galdera-sorta dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du hitanoa ikastea. Noka zein toka, biak.

Badihardugu euskara elkarteak Oñatiko Ingo Xonau! proiektua koordinatzen du, eta bertan sortu zen hika ikasteko aplikazioa sortzeko ideia. Teknologia euskararen zerbitzura jartzea erabaki zuten, eta Codesyntax-ekin elkartu ziren horretarako (Egunean behin aplikazioaren sortzailea), aplikazioa gazteengana iristeko bide ona izan daitekeela iritzita. Oñatin egin zen I. Hika Topaketatik sortu zen hitanoa biziberritzeko ahaleginean dabilen ZirHika taldea ere. Euskal Herri osoko 30 hika eragilek osatzen dute taldea eta euskaldunen artean, bereziki gazteen artean, hitanoaren erabilera areagotu eta sendotzea da taldearen helburu nagusia.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia