Arrateko Gerra Zibilaren interpretazio zentroa urtarrilaren 31n zabalduko da

urt. 28, 2015, 1:44 p.m.

Gerra Zibilean, zazpi hilabetez, Eibar fronte bilakatu zen. Hiriguneak bonbardaketak eta tiroak jasan zituen, baina inguruko mendiak ere borrokaleku eta lubaki bihurtu ziren. Historia hau guztia jasotzen du Arraten larunbat honetan zabalduko den interpretazio zentroak. Erakusketaren barruan, eibartarren eta ingurukoen testigantzekin, Badihardugu Euskara Elkarteak sortutako ikus-entzunezkoa ikusteko aukera ere egongo da.

 

Trintxera baten barruan. Halaxe sentiarazi nahi gaitu Arrateko erakusketak, hondar-zaku, uniforme eta beste hainbat elementu historikoz inguratuta. Gerran erabilitako materiala, hegazkinen maketak eta inguruko mendietan bandoen kokalekua erakusketan duen maketa ere aurkitu daitezke.

Argazki eta panelekin batera, Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin osatutako bideoa ere ikusi ahal izango da, lau hizkuntzatan. Bertan, fronteak iraun zuen bitartean, eibartarrek eta inguruko herritarrek zuzenean bizi izan zutena entzuteko aukera egongo da; hirigunean jasandako erasoak, herritik ihes egin behar izan zuten familiak eta baita inguruko mendietan borrokan aritu zirenen testigantzak ere.



Irekiera larunbat honetan izango da, eguerdiko 12:00etan. Otsailaren 7an, 21ean eta 28an, eta martxoaren 7an ere, 10:00etatik 14:00etara, zentroa bisitatzeko aukera egongo da.

Kanpoaldean ere badago zer ikusia: sei panel ipini dira guztira, lau Arratera begira eta bi Akondia aldera. Gainera, ibilbide historiko bat egiteko aukera egongo da. Lau edo bost orduko ibilaldia izango da, Akondia, Kalamua, Aginaga eta Arrate inguruetan, 20 pertsonako taldeetan. Otsailaren 7an (dagoeneko beteta), otsailaren 28an (gazteleraz), otsailaren 21ean (euskaraz) eta martxoaren 7an (euskaraz).

Izena Eibarko Portalea Kultur Etxean eman daiteke, eta baita telefonoz (943708435) edo mezu elektroniko bidez ere (kultura@eibar.net).

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia