Argia Saria jaso dugu! Eskerrik asko denoi!

urt. 28, 2011, 9:15 p.m.

Gaur arratsaldean banatu dira Usurbilgo Atxega jatetxean ARGIA Sariak. Urtero-urtero, euskarazko komunikazioan nabarmendu diren pertsona, talde, enpresa, profesional edo produktuei eskainitako Sariak. Eta saridunen artean, aurtengoan, Ahotsak.com webgune hau dago. Eskerrik asko denoi!

Argia Saria jaso dugula! Pozarren gaude eta poz hori guztiokin partekatu nahi dugu.

Euskal Herrian banatzen diren saririk garrantzitsuenak dira Argia Sariak. Euskarazko komunikazioan nabarmentzen diren pertsona, talde, eta produktuei eskainitako sariak dira, 5 alorretan banatuta: prentsa idatzia, irratia, telebista, publizitatea eta Internet. Azken hori jaso du Euskal Herriko Ahotsak proiektuak, Ahotsak.com webgunean egiten dugun lanagatik.

Gaurkoa, batez ere, eskerrak emateko eguna da. Urteetako lana izan da, urteak daramatzagu herririk herri Euskal Herri osoko ahozko ondarea jasotzen eta Interneten ikusgai jartzen. Lan handia dago horren atzean eta jende asko eskertzeko.

Eskerrik asko Badihardugu elkarteko eta Ahotsak.com proiektuko bazkide, langile, eta laguntzaile guztiei; urteetan zehar zuen lana egin duzuen guztioi.

Eskerrik asko herririk herri lagundu diguzuen dozenaka lagunei (elkarteetakoak, udaletakoak, lagun eta ezagunak...): kontaktuak egiten, hiztunak bilatzen, land-roverrarekin baserriak aurkitzen...

Eskerrik asko lankide ditugun kultur erakunde, euskara elkarte eta ikerlari guztiei. Grabazioak utzi dizkiguzuenei, laguntza eskaini diguzuenei, proiektua babestu duzuenei.

Eskerrik asko proiektua diruz lagundu duten dozenaka udalei, aldundiei eta Jaurlaritzari. Eta, bereziki, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Kutxari, azken 3 urteotan gurekin izan direlako.

Eskerrik asko alderdi teknikotik horrenbeste lagundu duen Codesyntaxeko lantaldeari.

Eta eskerrik asko, batez ere eta gehienbat, zuei, hiztunoi, zuen etxeetako ateak ireki eta zuen bizipenak eta sentimenduak musutruk eskaini dizkiguzuen 3.094 euskaldunoi. Eskerrik asko. Mila esker. Esker aunitz.

Bihotzez.

 

Argazkia: Argia.com

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia