Appa Hi! lehiaketa egingo dute Oñatin DBHko ikasleek, Euskararen Egunean
2025ko aza. 28a, 16:05
Euskararen Egunean, abenduaren 3an, hitanoari keinua egingo diote aurten ere Oñatin. Institutuko, Txantxiku ikastolako eta Elkar Hezi ikastetxeko DBH3ko eta DBH4ko 100 ikasle inguruk Appa Hi! lehiaketan parte hartuko dute, Gaztelekuan.
Oñatin ohitura bihurtzen ari da Euskararen Egunean herriko hitanoa aintzat hartzea. DBH3ko eta DBH4ko 100 ikasle baino gehiago pasatuko dira eguerdi-bazkaloste partean Oñatiko Gaztelekutik, lau txandatan banatuta. Appa Hi! lehiaketan parte hartuko dute guztiek. Txanda bakoitzean puntuazio onena lortzen duenak saria ere eskuratu du: 75 euroko txartela, Oñatiko dendetan kultur produktuak erosteko. Oñatiko Udalak antolatuko du Appa Hi! lehiaketa, ikastetxeekin eta Ingo Xonau! egitasmoarekin elkarlanean, Euskararen Egunean hitanoari ere merezi duen lekua emateko. Euskaraldia Hikaren barruan ere egin zuten Appa Hi! lehiaketa, maiatzean, eta oso giro polita sortu zen.
Ikasle guztiei Oñatiko hika ikasteko poltsikoko liburuxka banatuko diete. Ondoren, Xabier Zabaleta euskara teknikariak "Egingo dinagu" abestia ipiniko du, Aintzane Agirrebeña eta Mirari Azkune trikitilariek kantatua, hikako adizkiekin girotzen hasteko. Aplikazioa deskargatu eta lehiaketa kodea sartu ostean, bost partida jokatuko dituzte, 50 galdera guztira. Gaztetxoak abenduaren 6an Durangoko azokan egingo den Hikadromora joatera ere animatuko dituzte; izen-ematea zabalik dago.
Hika ikasteko aplikazioa da Appa Hi! eta debalde deskargatu daiteke, eskuko telefonoan. Hainbat herritako bertsioak daude aukeran. Oñatirako sortu zen lehenengoa eta hantxe egin zuten I. Appa Hi! lehiaketa ere, duela hiru urte, Euskararen egunean. Aurtengoa hirugarrena izango da, beraz. Lehenengoan Txantxiku ikastolakoek bakarrik hartu zuten parte eta iaz, aurten egingo duten bezala, hiru ikastetxeetako ikasleek. Aplikazioa deskargatzen duen erabiltzaile orok dauka lehiaketak sortu eta taldean jokatzeko aukera.
Argazkia: Xabier Zabaleta euskara telnikaria Oñatiko gaztelekuan, DBH4ko hainbat ikaslerekin, iaz, Appa Hi! lehiaketako txandetako batean. Iturria: Idoia Etxeberria / Ingo Xonau!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





