Appa Hi! lehiaketa egin dute Oñatiko DBH4ko ikasleek, Euskararen Egunean
2024ko abe. 3a, 15:10
Euskararen Egunean hitanoari keinua egin diote gaur Oñatin. Institutuko, Txantxiku ikastolako eta Elkar Hezi ikastetxeko DBH4ko 120 ikaslek Appa Hi! lehiaketan hartu dute parte eta oso giro polita sortu da.
DBH4ko 120 ikasle inguru pasatu dira gaur eguerdi-bazkaloste partean Oñatiko Gaztelekutik, lau txandatan banatuta. Appa Hi! lehiaketan parte hartu dute guztiek, eta giro ederra sortu da. Gustura aritu dira gaztetxoak, galderei erantzuten. Gainera, txanda bakoitzean puntuazio onena lortu duenak saria ere eskuratu du: 60 euroko txartela, Oñatiko dendetan kultur produktuak erosteko. Oñatiko Udalak antolatu du Appa Hi! lehiaketa, ikastetxeekin eta Ingo Xonau! egitasmoarekin elkarlanean, Euskararen Egunean hitanoari ere merezi duen lekua emateko. Hika ikasteko aplikazioa da Appa Hi! Debalde deskargatu daiteke, eskuko telefonoan, eta hainbat herritako bertsioak daude aukeran. Oñatirako sortu zen lehenengoa eta hantxe egin zuten I. Appa Hi! lehiaketa ere, iaz Euskararen egunean. Aurtengoa bigarrena da, beraz. Iaz Txantxiku ikastolakoek bakarrik hartu zuten parte eta aurten hiru ikastetxeetako ikasleek.
Ikasle guztiei Oñatiko hika ikasteko poltsikoko liburuxka bana banatu diete. Ondoren, Xabier Zabaleta euskara teknikariak "Txunau txunau" abestia ipini du pantailan, Arantzazu Sagarzazuk kantatua, Oñatiko hikako adizkiekin girotzen hasteko. Aplikazioa deskargatu eta lehiaketa kodea sartu ostean, bost partida jokatu dituzte, 50 galdera guztira.
Aplikazioa deskargatzen duen erabiltzaile orok dauka lehiaketak sortu eta taldean jokatzeko aukera.
Argazkia: Xabier Zabaleta euskara telnikaria Oñatiko gaztelekuan, DBH4ko hainbat ikaslerekin, Appa Hi! lehiaketako txandetako batean. Iturria: Idoia Etxeberria / Ingo Xonau!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.