Appa Hi! aplikazioko lehenengo lehiaketa egingo dute Oñatin ostiralean

2023ko aza. 27a, 16:44

Badihardugu elkarteak eta Codesyntaxek Appa Hi! aplikazioa sortu genuen 2021eko azaroan, bost astean Oñatiko hika ikasteko aukera ematen duena. Orain, aplikazioari lehiaketak antolatzeko aukera gehitu diogu, eta ostiralean egingo dute lehenengo lehiaketa: Txantxiku ikastolako 60 ikasle lehiatuko dira, Gaztelekuan. 

Appa hi! lehiaketa egingo dute, lehenengo aldiz, Oñatin ostiral honetan. Badihardugu elkarteak eta Codesyntaxek Appa hi! aplikazioaren garapen berria prestatu dute, Oñatiko Udalak eskatuta. Txantxiku ikastolako 60 ikasle Gaztelekuan batuko dira lehiaketa egiteko, eguerdiko 12etan. Lehiaketan parte hartzeko "giltza" emango die irakasleak, pasahitza, eta guztiak batera lehiatuko dira. Guztira bost partida jokatuko dituzte: 50 galdera inguru erantzun beharko dituzte. Txantxiku ikastolan hika praktikatzeko 15 minutuko saioak egiten dituzte ikasturtean zehar, Oñatin hika biziberritzeko sortu zen Ingo Xonau! egitasmoaren barruan. Oraintxe ikusiko da ea oñatierako hikako formak barneratu dituzten ala ez. 

Euskararen egunaren bueltako jardueren artean egongo da Appa hi! lehiaketa. Hori bai, aplikazioaren garapen berri horri esker, edozein erabiltzailek izango du lehiaketak antolatzeko aukera. Eguna eta ordua aukeratu, partida kopurua zehaztu eta nahi beste lagun gonbidatu ditzake lehiaketan parte hartzera; talde txikiak zein handiak. 

Appa hi! aplikazioak oso harrera ona izan du. Oñatikoa prestatu eta urtebetera, euskara batuko bertsioa atera genuen. Aurten, berriz, Eibar, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzagako bertsioak ere sortu ditugu. Egun hauetan ari dira aurkezpenak egiten. 

 

Irudian, Txantxiku ikastolako ikasle batzuk, hika praktikatzeko saioetako batean. Iturria: Nerea Zubia

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia