Appa hi! aplikazioaren Zumaiako bertsioa aurkeztu dugu
2025ko mar. 21a, 14:30

2021ean aurkeztu genuen Appa hi! aplikazioari 10.en bertsioa gehitu diogu: Zumaiako Appa hi! Atzo goizean egin zen aurkezpena Zumaiako udaletxeko pleno aretoan. Zumaiak Euskaraldia Hikan parte hartuko du eta herritarrak hika egitera animatu zituzten.
2021ean sortu genuen Appa hi! aplikazioa Badihardugu Euskara Elkarteak eta Codesyntax enpresak, elkarlanean, honako helbururakin: 5 astean era jolasgarrian hitanoaren oinarria jasotzea. Aplikazioa Oñatiko Ingo xonau! proiektuaren baitan sortu zen eta hasierako bertsioa Oñatirako prestatu genuen arren, berehala hasi ginen euskara batuko bertsioa eta beste hainbat herritako atalak sortzen. Atzo Zumaian 10.en bertsioa aurkezteko aukera izan genuen: Zumaiako Appa hi!. Zumaiako Udalaren eskariz, 2024an hasi ginen bertako atala prestatzen, Xabier Azkue zumaiarraren Hitanoa Zumaian liburuxka oinarri hartuta. >> Jaitsi hemen APPA HI!
Zumaiako Udalak aspalditxotik du herrian hitanoa biziberritzeko interesa: 25 urte pasa dira Xabier Azkuek hitanoaren inguruko azterlana egin zuenetik eta 15 urte ikastetxeetan hika lantzeko unitate didaktikoak prestatu zituztenetik. Atzo garai berrietara egokitzeko asmoz sortutako Zumaiako Appa hi! apllikazioa aurkeztu zuten Aitor Manterola euskara zinegotziak, Xabier Azkue euskara teknikariak eta Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeñak, hainbat herritar eta laguntzaileren aurrean. Manterolak eman zion hasiera ekitaldiari eta hitanoak egoera desberdinetarako balio duela azpimarratu zuen, baita gai serioez hitz egiteko ere. Ondoren, Agirrebeñak Appa hi! aplikazioaren ibilbidearen eta funtzionamenduaren inguruko azalpenak eman zituen. Esan bezala, Xabier Azkue ikerlari eta teknikariaren Hitanoa Zumaian lana izan da Zumaiako Appa hi!-ren oinarrria eta Azkue bera izan da edukiaren egokitasun eta zuzentasunaz arduratu dena. Hala ere, zalantzak argitzen lagundu dioten herritar guztiak eskertu nahi izan zituen atzoko ekitaldian. Horrez gain, apikazioan lagungarria den material osagarria osatzeko erabili dituzten iturriak aipatu zituzten: Mirari Sagarzazuren marrazkiak, Ahotsak.eus-eko testigantzak, duela 15 urte egin zen Zer diyon antzezlana, transkripzioak... Aplikazioan txertatu diren zenbait bideo ikusteko aukera ere izan zen, esaterako, honako hau, nokako eta tokako formez gain, Oikiako aldaerak ere jasotzen dituena:
Eta baita Zer diyon antzezlaneko zati hau ere:
Beste bideo batean Zumaian ezaguna den Santana zaharra kanta ere entzun ahal izan zuten: Etorriko dek, etorriko dek Santana zaharrra. Ez dik balio, badik balio, riau, riau misterio. Bertaratutako hainbat herritar ere kantari hasi ziren eta giro polita sortu zen.
Aplikazioaren inguruko azalpenen ostean, hitanoaren erabileraz jardun zuen Azkuek eta Appa hi! apllikazioa gazteek hika ikasi dezaten baliagarria dela aipatu zuen. Zenbait mutil gazte zumaiarrek hikaren inguruan egindako iruzkinak ere plazaratu zituen: hika ari direnean batzuetan aditzak asmatu egiten dituztela eta neskei egiten (hau da, noka) ez dakitela. Azken hamarkadetan hitanoaren erabilerak behera egin badu, nokarenak are gehiago. Hala ere, Zumaiako Emakumeon* etxekoek ere badute hitanoa bultzatzeko interesa eta noka ikastaroak ere antolatu izan dituzte. Bertaratutako zenbait herritarrek hitanoarekin (izan) duten harremanaren berri eman zuten eta argi geratu zen hikaren transmisioan etena egon dela azken urteetan, batez ere nokaren transmisioan. Hori dela eta, Manterola zinegotziak herritarrak hika egitera animatu zituen, "ausartzeko" eskatuz. Horretarako aldi aproposa izango da 2025eko Euskaraldia, izan ere Zumaiak Euskaraldia Hika ekimenean parte hartuko baitu, beste 82 herrirekin batera. Herritarrek -izan Ahobizi edo Belarriprest- aukera izango dute euren txapetan H bat jartzeko. Atzoko ekitaldian Azkuek adierazi zuen moduan, H-a jartzeak ez du esan nahi hika egin beharra dagoenik, H-a duena hitanoa entzuteko prest dagoela baizik; hau da, nahi duenak eurei hika lasai egiteko adieraziko dute txapan H-a jartzen dutenek.
Argazkiaren iturria: Zumaiako Udala.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.