Antzuolako bi proiektutako grabazioak gehitu ditugu

2014ko urt. 15a, 15:29

`Antzuolako toponimia´ eta `Larru ontzea Antzuolan´, bi proiektu berri gehitu ditugu egun hauetan Ahotsak.com-en, Antzuolako Udalaren eta Badihadugu Euskara Elkartearen elkarlanari esker. 32 grabazio berri katalogatu dira guztira, Antzuolari dagokion orrian.

2004an hasi zen Antzuolako Udalaren eta Badihadugu Euskara Elkartearen arteko elkarlana, herriko ahozko ondarea jasotzeko asmoz, Deba Eskualdeko Ahotsak izeneko proiektuarekin. Baina oraindik ere elkarlanean jarraitzen dugu eta egun hauetan, gainera, Udalaren bi proiektutako grabazioak katalogatu ditugu Ahotsak.com webgunean: `Antzuolako toponimia´ eta `Larru ontzea Antzuolan´.

Udalaren Antzuolako herria Ikerketa Bekari esker bertako toponimia jaso zuen Kristina Pavo antzuolarrak 2004-2005 bitartean, eta horren emaitza da Antzuolako toponimia liburu mardula. Lana burutu ahal izateko, hainbat herritar elkarrizketatu zituen eta izen bereko proiektuan katalogatu ditugu guztiak; 25 grabazio berri, hain zuzen ere. `Larru ontzea Antzuolan´ proiektuari dagokionez, berriz, larru ontzeko fabrikek Antzuolan izan zuten indarra erakusten dute 2006an bideoz grabatutako 7 elkarrizketek

Guztira, beraz, 32 grabazio katalogatu ditugu Antzuolan egunotan. Zenbait hiztun lehendik ere beste proiektu batzuetarako elkarrizketatuta zeuden arren, lekuko berrien testigantzak ere bildu ditugu proiektu hauetan, 30 lekuko berrirenak, zehazki. Aurrerantzean ere elkarlanarekin jarraituko dugu eta proiektu hauetako zenbait grabazioren lanketari ekingo diogu. 

Orain arte egindako lanaren erakusgarri, hona hemen zenbait antzuolarren testigantzak:

Gerrako ibilerak. Juan Kruz Agirrezabal (1919).

 

  Lixiberia zegoen Antzuolan. Juliana Aranguren (1917).

 

Gari-jotzearen inguruko lanak ere ikus daitezke Antzuolako grabazioen artean, Anelkar elkarteak antolatuta, gari-jotzea egin baizen Antzuolan 2003ko uztailean. Ikusi, adibiderako, gari-azaoak nola egiten ziren:

 

Antzuolarren testigantza gehiago www.ahotsak.com/antzuola orrian.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia