Antzuolako ahozko ondarea Interneten

2007ko eka. 11a, 14:00

Joan zen astean aurkeztu zen Antzuolako Olaran jauregian, Antzuolako hizkera eta ahozko ondarea biltzen duen proiektua. Herriko 50 hiztun ingururen ahozko jarduna dago kontsultagai Interneten, Antzuolarrak berbetan webgunean.

Joan zen ostiralean, ekainak 8, izan zen aurkezpena Antzuolako Olaran kultura etxean. Hantxe elkartu ziren proiektuan parte hartu duten hainbat herritar eta senide, eta baita proiektua gidatu duten zenbait lagun, besteak beste, Inigo Ramirez de Okariz kultura zinegotzia, Maripi Laskurain Idolaz euskara elkarteko kidea, eta Asier Sarasua Badihardugu euskara elkartekoa.

Badihardugu Euskara Elkarteak orain dela 4 urte hasi zuen Deba Ibarreko Ahotsak izeneko proiektua. Bailarako euskara elkarte eta udalekin elkarlanean, helburu nagusia da bailarako herrietako kultura tradizionala eta hizkerak jasotzea eta hedatzea. Hau da: orain arte bailaran egin izan diren grabazio dialektologiko eta etnografikoak biltzea, grabazio berriak egitea (bideoz, euskarri digitalean), eta jasotako guztia antolatu eta hedatzea.

Antzuolako hizkera eta ahozko ondarea

Lan guzti horren lehenengo emaitza apirilean aurkeztu zen Eskoriatzan: Leintz bailarako hizkera eta ahozko ondarea. Joan zen astetik aurrera, Antzuolakoa ere sarean da: Antzuolarrak berbetan.

Guztira 50 hiztunen jarduna jaso da Antzuolan, 55 grabaziotan, eta 500 pasarte inguru daude kontsultagai Interneten. Grabazio batzuk (30 inguru) orain dela 10-15 urte egindakoak dira, Idolazek (1988-89an egindakoak) eta Marijo Iparragirrek 1991n Antzuolako lehengo jolasak batzeko grabatutakoak. Beste 26 grabazio Badihardugu euskara elkarteak berak egin ditu azken bi urteotan, Itziar Alberdi eibartarraren eskutik. Azken horiek bideoz egin dira.

Hemen adibide batzuk:

Oraindik ez dago dena transkribatuta eta ikusi-entzuteko moduan, baina dagoeneko hainbat pasarte kontsultatu daitezke, eta hemendik aurrera ere etengabe elikatuko da datu-base hori, grabazio, transkripzio eta bideo-pasarte gehiagorekin.

Ekitaldiko zenbait argazki (Aretxabaleta eta Eskoriatzakoak barne) Asier Sarasuaren Flickr-eko kontuan aurkituko dituzue.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia