Antonio Irazola, frankismoaren ondorengo lehen ikurrina jaso zuen zinegotzia, hil da

2013ko eka. 25a, 10:55

Antonio Irazola Altuna "Saizabal", Bergarako Aritzeta auzoko Sagastizabal baserrian jaio zen 1924an. Kooperatiben munduan eta herrigintzan lan itzela egindako gizona.

Abertzalea eta langile mugimenduarekin inplikatua, 1966an, frankismo gorrian, sartu zen udalean zinegotzi, orduko sistemak uzten zuen zirrikitu batetik: tertzio familiarra. Poliki-poliki, beste batzuk ere sartu ziren, eta Bergarako Udalean gehiengo aurrerakoi eta abertzalea izatera heldu ziren, eta 1976an Jose Luis Elkoro alkate bihurtu zen. Elkorok lideratutako alkateen mugimenduak berebiziko garrantzia izan zuen trantsizio garaian, ikurrina legeztatzearen auzian, besteak beste. Bergarako udaletxeko balkoian ipini zen lehen aldiz ofizialki ikurriña, 1977ko urtarrilaren 19an, San Sebastian egunaren bezperan. Zendu berri den Antonio Irazola zinegotziak izan zuen jasotzeko ohorea.

Elkarrizketa egin zion Ahotsak-eko Itziar Alberdik Antoniori 2005ean eta hainbat pasarte dago entzungai. Imanol Murua zarauztarra ere mugimendu bereko partaide izan zen.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia