Andoni Sagarna euskaltzaina, Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatua
2022ko urt. 17a, 09:41
Andoni Sagarna gaztetatik aritu da euskara bultzatzeko lanetan. Euskalgintzan zeresana izan duten 16 donostiarren testigantzak jaso ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.
Andoni Sagarnak (Donostia, 1947) umetatik ezagutu zuen euskal giroa, etxean: gurasoek eta aitona-amonek euskaraz hitz egin zioten beti; aitak kamustuta zeukan euskara berreskuratu zuen, emaztearekin eta semearekin erabiltzeko. Auzoan bertan ere harreman dezente zituzten euskaraz: bizilagunekin, okinarekin, harakinarekin, esne saltzailearekin... Donostiako giroa oro har erdalduna izan arren. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:
Aldakonea kalean jaio zen Andoni. Seme bakarra da. Aita donostiarra zuen eta ama Lazkaokoa, 14 urterekin hiriburura lanera joandakoa. Gaztelaniaz egin zituen ikasketak: Jesuitetan lehenengo, Industria-ingeniaritza ondoren, baina euskararen aldeko hamaika lanetan jardun du gaztetatik: euskara irakasten eta euskarazko materiala sortzen, besteak beste (hiztegiak, enziklopediak, ikastoletarako materiala...).
Zientzia eta euskara uztartu ditu. Elhuyar taldearen sortzaileetako bat izan zen Andoni eta UZEIn jardun zuen lanean. Euskaltzaindian ere hainbat ardura izan ditu; 80ko hamarkadatik euskaltzain urgazlea da eta euskaltzain osoa 2006. urtetik. Mari Karmen Aranbururekin ezkondu zen, ikastolako andereño izandakoa.
Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. Andoniren grabazioko 41 bideo-pasarteak hemen ikus daitezke. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatu ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko.
Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona baino gehiago daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.