Andoaingo ahotsak: aurkezpena eta omenaldia

2017ko abe. 4a, 11:05

Atzo eguerdian Andoaingo Bastero Kulturgunean aurkeztu genuen Andoaingo Ahotsak proiektua, 1990. hamarkadatik hasi eta gaur arte grabatutako hiztunak omentzeko ekitaldian. Guztira, 73 hiztun bildu dituen proiektuak irribarre eginarazi zigun atzo, Andoaingo euskararen egunean.  

Euskararen Egunaren aitzakiaz, "Ahoz aho bizi-bizi"  aurkezpen eta omenaldi ekitaldiaekitaldia izan zen atzo eguerdian, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Bertan elkartu ziren udaleko ordezkariak, Ahotsak.eus proiektuko kideak eta, nola ez, baita omenduak ziren Andoaingo elkarrizketetako parte-hartzaileak ere. 

Ainhoa Ansa elkarrizketatzailea eta Irati Lizeaga Badihardugu Euskara Elkarteko kidea joan ziren Ahotsak.eus/andoain proiektuaren nondik norakoa azaltzera. Garai bateko bizimodua, gerra garaiko oroitzapenak, elizaren indarra eta bikote kontuak jaso, eta 30 minutuko bideo batean aurkeztu zituzten Ansak eta Lizeagak, bideoz grabatutako hiztunei parte-hartzea eskertuz, eta omenaldia eginez.  Urteetako lan honetan Andoaingo ondarea jaso eta ezagutarazteko helburua argi utzi zuten. 

Euskalkiak jasotzea da proiektuaren beste helburuetako bat. Andoaingo euskarari ere egin zion erreferentzia Ansak. Bizipenez gain, bizipenak kontatzeko modua ere jaso nahi izan baitzen proiektu honen bidez, betirako gorde daitezen, eta, gainera, edonorentzat eskuragarri.

Andoainen duela 8 bat urte hasi ginen 75 urtetik gorakoak elkarrizketatzen. Ainhoa Ansak egin zituen elkarrizketa gehienak. Guztira 73 lagun elkarrizketatu ditugu. Poliki-poliki eta Andoaingo Udalari esker, grabazioen lanketa egiteko aukera izan dugu. Horrenbestez, orain herriko ondarea guztion eskura dago Interneten: Andoaingo Ahotsak gunean, 1.807 bideo pasarte ikus daitezke, eta 112 transkripzio ere badaude.

Atzoko aurkezpenerako prestatutako bideoa ikusi genuen, eta horixe izan zen ekitaldiko une politenetako bat, ikusleei barre (eta batzuei negar) eginarazi ziena.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia