Amazigh komunitateko eta Guarani komunitateko kideei Ahotsak proiektua aurkeztu diegu
2025ko urr. 22a, 14:54
Garabide Elkarteak antolatzen duen Aditu Ikastaroan parte hartzen ari diren Lalla Ghizlan Baryala, amazigh komunitateko kidea, eta Adalid Areruma Pinto, Boliviako guarani komunitateko kidea etorri dira Badihardugu elkartearen egoitzara Euskal Herriko Ahotsak proiektua ezagutzera.
Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa antolatzen du urtero Garabide Elkarteak, Euskal Herriko esperientziak beste herrialdeetako ordezkarien artean zabaltzeko eta horien gainean lan egiteko. Ikastaroaren barruan, hainbat egitasmo eta esperientzia ezagutzeko aukera izaten dute bertaratzen diren hizkuntza gutxituetako komunitateetako kideek, eta horien artean Euskal Herriko Ahotsak proiektua ezagutzeko aukera ere bai.
Lalla Ghizlan Baryala amazigh komunitateko kide da, diasporakoa, Katalunian jaioa baita, eta bertan bizi da. Ezaguna da amazigh diaspora oso aktiboa dela bere komunitatearen kultura eta hizkuntzaren sustapenean. Hala, Ghizlan, Awal Digital proiektuko kide da, Interneteko atari horretatik amazigh kultura eta hizkuntza mundu digitalean txertatzen ahalegintzen dira.
Adalid Areruma Pintori dagokionez, Boliviako guarani komunitateko kide da. Guaraniak Charaguako lurraldean autonomia politiko maila altua duten herria dira. Bertan biltzen diren hainbat hizkuntza aktibista lurraldearentzako Hizkuntza Plan Estrategiko bat lantzen dabiltza azkenaldian. Horrez gain, Kazetaritza Indigenako Eskolaren baitan, hainbat ikus-entzunezko landu dituzte azken urteetan. Adalid sortzaile horietako bat da.
Ahotsak proiektuarekiko interes berezia azaldu zuten eta ondarea jasotzeaz eta grabazioen kudeaketaz jardun genuen, besteak beste.
Gure aldetik eskerrak Garabide Elkarteari esperientzia-truke interesgarri hauek ahalbidetzearren.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





