Aizpea Goenaga aktore eta zuzendaria, artista-familia bateko katebegia

2021ko aza. 15a, 08:55

Aizpea Goenaga zuzendari, aktore eta idazlea elkarrizketatu dugu. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Aizpea Goenagak (Donostia, 1959) ibilbide luzea egin du antzerkian, telebistan eta zineman. Zuzendari, aktore, gidoilari eta idazle moduan jardun du. Etxetik datorkio euskalzaletasuna eta baita antzezteko grina ere: Juani Mendiola ama ere aktorea zen. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Urbieta kalean jaioa. Zazpi senide ziren. Gurasoek 'Aurrera' taberna zeukaten, kultur mugimendu handiko tokia: bertan entseatzen zuten Ez Dok Amairu eta Jarrai taldekoek, besteak beste. Familia oso euskaltzalea eta konprometitua zen, eta ikastola klandestino batean ibili zen Aizpea, Karmele Esnal andereñoarekin. Euskaraz egin zituen oinarrizko ikasketak ere, Santo Tomas lizeoan. 

Magisteritza egin ostean, Madrilera joan zen Arte Eszenikoak ikastera. Interpretazioa, zuzendaritza eta dramaturgia ere ikasi zituen gero. Antzerkian, telebistan eta zineman aritu da. Aktore bezala ez ezik, baita gidoilari eta zuzendari lanetan ere. Etxepare Institutuko zuzendaria ere izan zen.

Goenaga-Mendiolatarren etxean oso ohikoa zen mozorrotu, eta antzerkia egitea. Artista-familia da Aizpearena, hiru aktore belaunaldi batzen dituena: ama aktorea zen, Barbara Goenaga iloba eta Aia Kruse alaba ere aktoreak dira; Juan Luis Goenaga anaia, berriz, margolaria da. 

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia