Aitona-amonei jasotako zortzi ipuin, kontalarien ahotan: ikusi bideoak!

mar. 25, 2020, 10:02 a.m.

Ahotsak proiekturako elkarrizketatutako adinekoek hainbat ipuin kontatu dizkigute urteen joan-etorrian. 8 ipuin aukeratu, eta bi ipuin-kontalariri eman dizkiegu, Ameliri eta Joxe Mari Karrereri, nork bere bertsioa egin dezan. Bideo horietako batzuk ikusgai jarri ditugu Kontu eta Kanten Kantoia webgunean, berrogeialdian entretenimendua izan dezazuen!

Etxean sartuta eta zer egin ez dakizula? Ipuinzalea baldin bazara, ipuin tradizional batzuk ezagutzeko aukera polita daukazu! Ahotsak.eus proiektuan elkarrizketatutako adinekoei jasotako 8 ipuin, hain zuzen ere. Bi ipuin-kontalarik, Amelik eta Joxe Mari Karrerek, kontatuta.  Bakoitzak ipuinak bere erara prestatu ditu, eta bere erara kontatu. Guk, berriz, bideoan grabatu ditugu, eta orain bideo horietako batzuk Kontu eta Kanten Kantoia webgunean zintzilikatu ditugu, "Kontaketak" atalean. Hona hemen bideoetako bat, Berastegiko Jesus Altunari jasotako "Peru eta Maria" ipuinean oinarritutakoa, Ameli eta Irati "xirrikituen jostunek" kontatua eta kantatua:

"Hontzaren ipuina" Aramaion jaso genuen, Patxike Ibaberen eskutik. Bideo honetan Joxe Mari Karrerek kontatzen du:

Gure asmoa antzinako ipuinen trasmisioa egitea da. Adinekoei jasotako ipuinetan askotan testuingurua ez da kontalaritzarako aproposena (ez dute entzule taldetxo bat aurrean, ez ume ez heldu... eta elkarrizketa normalean beste helburu batzuekin egindakoa da), eta Ahotsak-eko bideoak ez dira zuzenean umeekin erabiltzeko modukoak. Horrexegatik jo dugu bi ipuin-kontalari zoragarriongana! Eskerrik asko bioi, proiektuan parte hartzeagatik!

Gure aitona-amonei jasotako ipuinen transmisioa egiteaz gainera, ahozko teknikez jabetzea ere oso interesgarria iruditzen zaigu: ereduak ematea, ipuinak nola kontatu. Ahozkotasuna lantzea, euskaraz. Aukera baliatuta, Ameliri eta Karrereri kontalaritzako teknikei buruz ere galdetu genien, eta bideo bat prestatu dugu. Ipuinak kontatzen ikasi nahi baduzue, ikus ezazue, eta has zaitezte praktikatzen! "Materiala" atalean ariketa eta ideia gehiago aurkituko dituzue.

Ahotsak proiektuaren helburua ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da. Transmisioa egiteko moduetako bat kantak eta ipuinak ezagutaraztea da. Horretarako sortu dugu Kontu eta Kanten Kantoia webgunea; izan ere, Ahotsak.eus webgunean oso ezkutuan geratzen dira (58.000 bideo-pasarte dauzkagu on-line, makina bat gairekin lotutakoak). Hasierako asmoa webgune horretan Ahotsak proiektuan bildutako abestiak eta bertsoak erakustea zen. Orain, kantez gainera ipuinak ezagutarazteko bidea egiten ari gara. Ea gustatzen zaizkizuen!

Hurrengo pausoa Joxe Mari Karrere ipuin-kontalariaren gainerako bideoak landu eta sareratzea izango da. Beraz, adi egon!

 

Irudian, "Xirrikituen jostunak": Ameli ipuin-kontalaria eta Irati musikaria.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia