Ahotsak.EUS izango gara hemendik aurrera

2014ko abe. 3a, 10:41

Azken 6 urteotan gure izena eta marka izan dena (Ahotsak.COM), alde batera lagako dugu gaurtik aurrera. Baina baita pozik egin ere. Izan ere, hemendik aurrera, Ahotsak.EUS izango gara. Euskararen komunitatea sendotu eta zabaltzeko gogoz.

Gure proiektuak 10 urte pasatxo dituen arren, 2008ko apirilean aurkeztu genuen jende aurrean gure webgune hau, orain arte Ahotsak.COM izan dena. Harrezkero, gure izena eta marka bihurtu dugu Ahotsak.com hori. Gaurtik aurrera, ostera, izen berria estrainatuko dugu: Ahotsak.EUS.

Pozez eta ilusioz ekiten diogu garai berriari, .EUS komunitateko kide izateak ematen duen bultzakada eta indarrarekin. Horretarako jaio baitzen, besteak beste, gure proiektu hau: euskara jaso eta hedatzeko; batu eta gizarteratzeko; sendotu eta bultzatzeko. Azken batean, .EUS Fundazioaren jatorrizko nahia eta helburua, neurri handi batean.

Jakingo duzuen bezala, 2014ko uda inguruan hasi ziren lehenengo .EUS webguneak martxan. Hasiera batean aitzindarien txanda izan zen, eta irailetik aurrera elkarte, enpresa eta abarrentzat zabaldu zen egitasmoa, nolabaiteko fase "kontrolatuan". Hortxe sartu ginen gu ere, eta honezkero 1200 webgunetik gora gaude sarean, .EUS izen horren magalean. Gaur Bilbon elkartuko gara eta topa egingo dugu elkarrekin.

Eta bihartik aurrera, fase "librea" irekiko da, edonork erosi eta erabili ahal izango du .EUS domeinua. Izan zu ere .EUS!

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia