Ahotsak.com-etik antzeztokira

2014ko urr. 3a, 08:58

Muxikako emakume talde batek taularatutako 'Gure etxe bakarra' izeneko antzezlanean Muxikako ahotsak proiekturako egindako lekukotzak erabili dituzte.

Joan den martxoaren 8an, Muxikako 40 emakumek osatutako talde bat oholtza gainera igo zen sasoi bateko andreen bizimodua zelakoa zen erakusteko. 'Gure etxe bakarra' izeneko herri antzerkiak adin guztietako 40 emakume izan zituen protagonista, 8 urtetik 84 urte artekoak. Herrian antzeztu ostean izandako arrakasta zela-eta, joan den zapatuan Gernika-Lumoko Lizeo antzokian berriro ikusteko aukera izan genuen. Onintza Enbeita muxikar bertsolaria arduratu da gidoiaz eta koordinazioaz.

Garai batean herriko andreen bizimodua zelakoa zen islatzeko eta herriaren bizimoduan ikusezinak edo gutxietsiak izan diren zenbait jarduera argitara emateko, Ahotsak.com-ek azken urteotan Muxikako emakumeen ahotik jasotako hainbat testigantza izan zituzten oinarri. Izan ere, bertaratu zirenek horietako pasarte batzuk ikusi eta entzuteko aukera izan zuten, jarraian herriko antzezleek aurrez entzundakoa taularatzen eta interpretatzen zuten bitartean. Arropa garbitzea edo Elizaren indarra izan ziren, besteak beste, horietako gai batzuk.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia