Euskal Herriko Ahotsak-eko testigantzak, Urumeako Atlas Emozionala erakusketan

2026ko ira. 30a, 14:16

Cristina Enea Fundazioak antolatutako Urumeako Atlas Emozionala erakusketan Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako hainbat testigantza erabili dituzte. Urumea ibaiaren inguruko bizipenak, oroitzapenak eta emozioak ardatz dituen erakusketa Donostiako Cristina Enean izango da ikusgai, 2027ko martxoaren 21era arte.

Urumeako Atlas Emozionala ia hiru urteko ibilbidea izan duen proiektua da. Herritarrek Urumearekin duten harremana abiapuntu hartuta, ibaiaren inguruko oroitzapenak, bizipenak eta emozioak jaso dituzte. Bildutako materialarekin hamar gai edo «ibaiadar sentimental» osatu dituzte, eta prozesuaren azken emaitza erakusketa honetan bildu dute. 

Erakusketak ez du paisaia edo elementu geografiko huts gisa aurkezten Urumea. Ibaiaren eta herritarren arteko harremana erakusten du: haren inguruan nola bizi izan diren, nola lan egin duten, nola gozatu duten eta ibaiertzak nola erabili eta eraldatu diren. Horretarako, herritarren oroitzapen eta testigantzak dira erakusketaren ardatzetako bat. 

Erakusketan Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako hainbat pasarte ere erabili dituzte, esaterako, honako hau:

Guretzat pozgarria da Ahotsak.eus-en jasotako materialak horrelako egitasmoetan berrerabiltzea. Izan ere, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren helburua ez da ahozko ondarea bildu eta gordetzea bakarrik: herritik jasotakoa herriaren esku jartzea eta ondare horri erabilera berriak emateko aukera zabaltzea ere bada. Horregatik eskaintzen dugu Ahotsak.eus-eko materiala sarean, libre eta berrerabiltzeko moduan, CC BY-SA lizentziapean. Hezkuntzan, ikerketan, kulturgintzan, museoetan, ikus-entzunezkoetan nahiz erakusketetan erabil daiteke, iturria aipatuta eta lizentziaren baldintzak errespetatuta.

Urumeako Atlas Emozionala da horren adibide: proiektu batean jasotako ahozko ondarea beste egitasmo baten abiapuntu bihurtzen da, eta elkarlanari eta partekatzeari esker, lekukotasunek bide berriak egiten dituzte. 

Urumeako Atlas Emozionala Cristina Enea Fundazioaren Ingurumen Baliabideen Etxean dago ikusgai, Donostian. Erakusketa doakoa da eta 2027ko martxoaren 21era arte bisitatu ahal izango da. Erakusketaren inaugurazio-ekitaldia urriaren 2an, ostiralean, 18:00etan izango da. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia