Ahotsak-eko testigantzak Katea-Landetxa auzoko memoria jasotzen duen dokumentalean

2022ko mai. 6a, 09:19

Irungo Landetxa Auzo Elkarteak Auzotarron memoria 1930-1959 dokumentala aurkeztuko du gaur, ostirala, iluntzeko 19:00etan. Auzotarren ahotik jasotako bizipenak bildu dituzte dokumentalean, gerra zibila hasi aurreko, gerra sasoiko eta gerraosteko kontuak ezagutarazteko. Ahotsak.eus proiektuko hainbat testigantza ere baliatu dituzte.

Duela 3-4 urte hasi ziren lanean Irungo Landetxa Auzo Elkarteko kideak, auzoko memoria historikoa jaso nahian. Gerra zibilaren aurreko eta osteko urteetan auzotarrek bizi izandako egoerak jaso eta zabaltzea izan dute helburu. Horretarako, gerra aurretik gerra ondorenera arteko irudiak eta testigantzak biltzen aritu dira azken urteetan. Jasotako informazio guztia txukundu eta landu ostean, Auzotarron memoria 1930-1959 dokumentala ondu du Gari Garaialdek. Dokumentalerako materiala biltzeko orduan, Nicolas Gerendiain elkarte errepublikarraren, Kepa Ordoki Bidasoa Memoria Elkartearen eta Hezi Zerb elkartearen laguntza izan dute Landetxa Auzo Elkarteko kideek. Ahotsak.eus proiektuko testigantzak ere oso garrantzitsuak izan dira dokumentala osatzeko. Besteak beste, Beñardo Irastortza auzotarraren testigantzak jaso dira dokumentalean. Izan ere, gerra garaiko eta gerraosteko hainbat bizipen kontatu zizkigun Beñardok, 2010ean egindako elkarrizketetan. Esaterako, gerra hasi aurreko giroa zein zen:

 Eta, behin gerra hasita, baita bonbardaketen eta bestelakoen inguruko kontu ugari ere:

Egindako lana herriari eta, batez ere, auzoari eskaini asmoz, Landetxa Auzo Elkarteko kideek gaur aurkeztuko dute Auzotarron memoria 1930-1959 dokumentala, iluntzeko 19:00tan, auzoan bertan, auzoko jaien egitarauaren barruan.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia